Zirkulazioaren dentsitatea handitu eta ilarak gehitu dira Bergaratik Arrasatera bidean

Goiena 2007ko ira. 18a, 11:24
Ia egunero moduan, gaur ere Bergarako lehenengo biribilguneraino iritsi dira Arrasaterako noranzkoko auto ilarak, Labegaraietaraino. Dagoeneko Bergaran trafikoaren moteltzea nabaria da eta Arrasatera gerturatu ahala egoera okertu egiten da.

Auto kopurua handitu da

Arrasatetik Elorregiko biribilguneraino doan tartea da motelena eta eragozpen gehien sortzen dituena. Zirkulazioa ez da erregulatzen eta urtetik urtera auto kopurua haziz doala begi bistakoa da. Hala baieztatu digute Ertzaintzan. Haiengana jo dugu azalpen eske eta galdetzeko ea eragozpen handi horiek ikusita zirkulazioa arintzeko neurririk hartzea badagoen.

Ertzaintzan bertan gauza jakina da azken urteotan zirkulazioan egondako hazkundea eta onartzen dute Elorregi eta Arrasate arteko tartea euskal errepideetako astunenetakoa dela. Ea erregulatzerik badagoen galdetzerakoan, erantzuna argia da: "Ertzaintzak ez du trafikoa erregulatzeko lanik egiten istripu edo eragozpen larririk ez badago".

Noren ardura?

Autoen dentsitate handiak eragiten du zirkulazioaren moteltzea edo gelditzea eta Ertzaintzatik diote kasu horretan ez dela ezer egiten. Antza, orain dela urte batzuk egiten zen, baina dagoeneko ez da Ertzaintzaren ardura.

Arrasateko eta Bergarako udaltzaingoetara ere jo dugu argibide eske eta haiek ere diote ez dela euren lana. Udaltzaingoan herri barruko trafikoa bakarrik erregulatzeko ardura daukate. Hala esan digute Arrasate eta Bergarako udaltzainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak