Aste bukaeran ez da giro izango, baina uda denboraldia jendetsu hasi da Musakolan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko uzt. 3a, 14:06
Aste bukaeran giro ezegonkorra izango dugun arren joan den astean uda giroa izan zen protagonista. Eta kostaldekoa ez den edozein herrirendako moduan, Arrasaten ez dago uda ulertzerik igerilekuek barik. Ekainaren 14an zabaldu zituzten Musakolako kiroldegiko kanpoko igerilekuak, eta lehen egunetan jende dezente freskatu da bertan.

Uda denboraldia gogor hasi dute Musakolan, kiroldegiko harreran adierazi dutenez: "Eguraldi ona egin duenez, jende dezente etorri da; iaz ere hala hasi genuen denboraldia".

 

Bonoak eskuratzeko aukera

 

Egun baterako sarrera 6'10 euro ordaindu behar dute helduek eta hiru euro 20 urtetik beherakoek.

Baina sarrera merkeago irteten dadin bonoak eskura daitezke: uda osorako bonoak, 58'90 euro helduendako eta 35'10 euro gaztetxoendako. Horrez gain, hamar egunetarako bonoak ere badaude: 47'70 euro eta 23,80 euro. Eta azkenik, uda osorako familia bonoa –guraso eta seme alabendako da bakarrik– 92,25 euro ordaindu beharko da.

 

Kioskoa, Gureak taldearen ardura

 

Aurten Gureak taldeak hartu du kioskoaren ardura. Aukeak kioskoaren zerbitzuari beste buelta bat eman gura izan dio, adibidez, pintxo eta ogitartekoak eskainiz. Gureak-eko Tomas Urzelaik ideia ona dela uste du, baina ez du posible ikusten: "Labe txiki batzuk jartzea pentsatu genuen baina kioskoa oso txikia da, bertan ezer gutxi egin daiteke. Garaiako jatetxetik tortilak ekartzea pentsatu genuen baina ez dugu uste merezi duenik". Hala, urterokoa izango da eskaintza, eta goiz eta arratsaldez egongo da zabalik, irailaren 12ra arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak