Arrasateko gimnastak, pozik denboraldiko lehen emaitzekin

Oihana Elorza Gorostiza 2009ko ots. 15a, 13:56
Infantil mailako taldeak lehen postua lortu zuen eta gazte mailakoak, hirugarrena. Gipuzkoako sei herrietako 57 gimnasta lehiatu ziren.

Denboraldi berriko lehen txapelketa jokatu zuen zapatuan Arrasateko Dragoi gimnasia taldeak Bergarako Labegaraieta kiroldegian. "Lehen txapelketa izan da baina oso pozik gaude egindako lanarekin. Entrenamenduetan baino hobeto ibili gara eta pozik gaude", adierazi zuen Edurne Elkorok, taldeko entrenatzaile batek, probaren bukaeran.

Maila hobetzen
Arrasate, Azkoitia, Ibarra, Tolosa, Zarautz eta Eibarko gimnasia taldeek hartu zuten parte zapatuko txapelketan. Gimnasia erritmikoko federazioak ezarritako frogak egin behar izan zituzten gimnastek. Gazte mailan, taldeka: hiru pilotarekin eta bi librean; infantiletan, bost, uztaiekin. "Taldeko mutil bakarrak, Beñat Arizabaletak, gazteen mailan hartu du parte eta 11. sailkatu da. Maila berekoak, baina taldeka, hirugarren postua lortu dute eta infantil mailako taldeak, lehenengoa", argitu du Edurne Elkorok. "Lehenengo proban ez dugu jakiten zer nolako maila erakusteko gai garen eta beste taldeak ere nola dabiltzan, eta ezjakintasun horrekin joan ginen zapatuan ere Bergarara. Baina gimnastak lasai aritu ziren, eta oso ondo egin zuten lana. Denboraldiak aurrera egin ahala, maila hobetzen dugu.", jarraitu zuen Elkorok. 

Labegaraieta kiroldegiko harmailak gurasoz beteta zeuden. "Etxetik gertu lehiatzen garenean, gurasoak ez ezik, aiton-amonak ere etortzen dira askotan", zehaztu zuen Arrasateko gimnasten entrenatzaileak. Hurrengo proba martxoaren 28an dute, Ibarran. 

Bergarakoak ere bai
Bergarako Ariznoa gimnasia taldekoek arratsaldeko erakustaldian hartu zuten parte, goizean lehiatu ziren herrietako gimnastekin batera. Txikienak aritu ziren arratsaldean. "Bergaran ez dugu talderik B mailan aritzeko, bai, ordea, A mailan. Horiek martxoaren 15ean dute lehiaketa, Astigarragan", zehaztu zuen Txomin Cabok, Ariznoa gimnasia taldeko entrenatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak