Maritxu Kajoi ostetik martitzenero elkartu dira zenbait gazte, egungo gazte arrasatearra nolakoa den zehazteko. Beti ere hobera egiteko asmoz –eta autokritika egiteko inongo arazo barik–; hala definitu dute, oro har, gazte arrasatearra: "berekoia, konformista, erosoa, espainola, irudimen gabekoa eta drogazalea". Uste dutenez, gazte arrasatearrak "amerikar eredua oso barneratuta" dauka, eta berekoia eta indibidualista da. Espainolaren nagusitasunari dagokionez, honakoa diote: "ikastolan euskara egitera behartzen gaituzte eta horrek espainola hizkuntza errebelde moduan ikustera bultzatzen gaitu". Hori horrela, gazte arrasatearrak ez du berba euskaraz egiten.
Hala ere, gazte arrasatearrak baditu alde onak: "Arrasateko gazteria batuta dago eta esfortzu handia suposatzen ez duten ekintzetarako beti dago gertu". Ondorioak ez dituzte zehaztu; gabonetan aurkeztuko dituzte.
Analisia, gazte topaketetara
Gazte Topaketak egingo dira aste bukaeran Zestoan. Martitzeneko atxiloketen aurrean, antolatzaileek topaketekin aurrera egingo dutela berretsi dute. Horren harira, Arrasateko zenbait gaztek Gazte Topaketetara joateko deia egin zuten. Arrasateko gazteriaren analisia eroango dute Zestoara, ekarpen moduan.
Autobusa gaur irtengo da Garibaitik (19:00), Mondragon Unibertsitateko ikasle kontseiluak antolatu du bailara osorako. Interesatuak Irati tabernan eman behar du izena.