Arrasateko frantziskotar anaidia urrian itxiko dute

Ubane Madera 2009ko uztailaren 17a

Geroago eta fraide gutxiago dagoenez, zenbait anaidi itxi egin beharko dituzte frantziskotarrek, tartean, Arrasatekoa. Edozelan ere, horrek ez du esan gura eliza itxi egingo dutenik eta besteak beste, mezak esaten eta katekesiarekin segitzeko asmoa dutela jakinarazi dute.

Frantziskotarrak badoaz Arrasatetik. Hiru fraide geratzen dira Arrasateko komentuan eta urrian joango dira hirurak. "Bi fraide Oñatira joango dira (Bidaurretara) eta hirugarrena, Tolosara. Arrasateko anaidia itxi egingo dugu", jakitera eman du Iñaki Beristainek, Arantzazuko frantziskotarrak.  

Anaidia ixteak, baina, ez du ekarriko San Frantzisko eliza ixtea: "Arrasateko kasuan ikusi dugu beharra badagoela eta erabaki dugu pastoralarekin jarraitzea, elizako lanarekin jarraituko dugu, Arrasateko parrokiarekin batasunean, orain arte moduan", zehaztu du Beristainek. Horrek esan gura du, besteak beste, mezak esaten jarraituko dutela eta baita katekesiarekin ere, hain justu ere, Jose Luis Arrizabalagak, orain arte mezak esaten dituenak jarraituko du lan hori egiten.

Eraikinarekin zer?

Ez dakitena da zer gertatuko den frantziskotarren Arrasateko eraikinarekin, komentuarekin;  oraindik ez dutela ezer erabaki aditzera eman du Iñaki Beristain frantziskotarrak. Izan ere, 2007an Arrasateko Udalarekin sinatu zuten hitzarmenaren arabera, Arrasateko Udalari eman zioten eraikin osoaren titulartasuna. Horren truke, frantziskotarrek eskubidea izango dute 75 urteotan (10 urtez luzatzeko aukerarekin) komentuaren zenbait lokal erabiltzeko.

Historia apurra

Urriko exodoarekin, beraz, frantziskotarrek amaiera emango diote 427 urtean Arrasaten egindako ibilbideari. Hain justu, 1575era jo behar dugu San Frantzisko eliza eta komentuaren jatorri bila.

Juan de Araotz eta Ascension de Garibai senar-emazte arrasatearrei esker hasi zen guztia. Juan de Araotz hiltzear zegoen, eta seme-alabarik ez zutela-eta, erabaki zuten Zacatecas-en (Mexiko) pilatutako ondasunak komentu hori sortzeko bideratzea, testamentu bitartez, 1575eko ekainaren 13an.

Zazpi urte geroago, 1582ko uztailaren 6an esan zuten aurreneko meza San Frantzisko eliza eta komentuaren oinarri izango zen kaperatxoan.

Alde egin beharra

Esan beharra dago, era berean, frantziskotarrak ez direla eten barik egon Arrasaten. 1840an, gobernu liberalaren desamortizazioaren aginduz Arrasatetik joan egin behar izan zuten. 1954ra arte beste zeregin batzuetarako erabili zuten komentua. Besteak beste, Udalak hala eskatuta, Isabel II. erreginak eskola moduan eta benefizientziarako erabiltzeko baimena eman zuen. Tartean, Mesedeetako mojek eskola eta tuberkulosiari aurre egiteko ospitalea sortu zituzten han.

1954an bueltatu ziren frantziskotarrak Arrasateko komentura. Demetrio Garmendia izan zen XX. mendeko aurreneko gidaria (1999ko irailean hil zen). Eta harrezkero, Arrasaten izan dira fantziskotarrak, esandako moduan, aurtengo urrira arte.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak