Arrasateko eskola publikoko hiru jantokiak itxita izango dira gaur eta bihar, jantokiko langileek bat egin dutelako sindikatuen greba deialdiarekin. Bestela esanda, itxita izango dira Erguin, Musakola eta Bedoñabeko jantokiak. Kopurutan begiratuta, Arrasateko 300 neska-mutikori eragingo die grebak.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dituzte bi greba egunak. ELAtik esandakoaren arabera, eskatu gura dute jantokietako langileen baldintzak izan daitezela Hezkuntzako gainerako langileek dituzten baldintzen parekoak. Bai soldatari dagokionez, eta baita ere, lan baldintzei dagokienez.
Labur esanda, ELA sindikatutik salatu dute kontratu, lan baldintza eta legeei dagokienez, jantokietako langileek jarraitzen dutela izaten "umeei jaten ematera doazen etxeko andreak".
Mobilizazioak ere iragarri dituzte sindikatuek. Gaur Eibarren elkartuko dira eta bihar, berriz, hiru hiriburutan egin dute hitzordua, manifestazioak egiteko.