Igor Isasiren mutilek Irungo taldearen kontra jokatu dute zapatuan. Aurreko jardunaldian Arratiako Zekorren kontra galdu eta gero, Arrasatek 29-12 irabazi dio talde bidasoarrari txapelketako hirugarren jardunaldian.
Partiduko lehenengo zatia nahiko berdindua izan zen. Lehenengo jokaldietan zuri-moreak aurreratu ziren markagailuan Markel Elortzaren entsegu bati esker, baina irundarrek ez zuten amore eman eta euren aldeko entsegua lortu zuten. 05-07 aurreratu ziren markagailuan. Tentsio uneak izan zituen norgehiagokak, baina egoera zuzentzea lortu zuten etxekoek aldageletara joan aurretik. Xabik entsegua egin zuen zuri-moreendako eta Unai Lazkanok, berriz, transformazioa. Lehenengo zatia 12-07 emaitzarekin amaitu zen.
Bigarren zatia errazagoa
Bigarren zatian lortu zuten etxekoek amaierako markagailuak erakusten duen alde nabarmena. Iban Agirreurretak eta Axerik entsegu bana egin zituzten. Agirreurretaren entseguarekin, gainera, etxeko taldeak bonusa lortu zuen eta horrekin batera puntu bat gehiago.
Aldeko emaitza honekin fase berriko sailkapeneko bigarren postua mantentzen du Arrasateko taldeak. Bederatzi norgehiagoka dituzte oraindik aurretik, tartean datorren astean Durango jokatu behar dutena. "Durangoko bigarren mailako taldearen aurka dugu partida", adierazi digu taldeko Joseba Zabalak. "Lehia estua izango dugu gure neurriko taldea da-eta".
Zozketako saria
Jende kopuru polita batu zen zapatuan Mojategin. Seniorrak Irunen aurka jokatzen ikusteaz gain egon zen kadeteen partida ikustera hurbildu zenik ere. Erraz irabazi zuten kadeteek ere. Aste honetako zozketako zenbaki saritua 905a da.
errugbi eskolako saioak