Arrasateko eduki, berba, esamolde eta jaiak uztartzen dituen agenda aurkeztu dute Kulturaten

Ubane Madera 2010ko ira. 9a, 17:48
Arrasaterako propioki prestatutako agenda aurkeztu dute goizean Kulturateko areto nagusian. 1.100 ale argitaratu dituzte, eta 6-12 urte bitarteko ikasle guztiei eman diete agenda bana; baiata guraso eta irakasleei ere. Helburua da herriko hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa bultzatzea; baita balore jakin batzuk ere; justizia, esaterako.

Arrasateko edukiari dagokionez, denetik dauka agenda berriak: "Adibidez, astero agertzen da Arrasateko berba bat; badaude, baita ere, Arrasaten erabiltzen diren esaerak; hilabete bakoitzaren hasieran azaltzen da Arrasateko auzo bat; Arrasateko kantak ere baditu (Santamasetakoa, San Nikolas, Errementari Dantza…) joko batzuk (Txatxilipurdik bidalitakoak, doke…); eta Arrasatek dituen jaiak, ospakizunak eta ezaugarriak agendan markatuta daude (San Nikolas abenduaren 6an, Maritxu Kajoi urriaren 1ean…)", dio Gotzon Barandiaranek, agendaren egileak.

Biografia eredugarriak

Eduki unibertsalei dagokienez, berriz, txertatu dituzte munduko pertsonaien biografiak. "Batzuk ezagunak (Stevie Wonder , Nadia Comaneci atleta) eta beste batzuk ez horrenbeste. Aukeratu ditugu pertsonaje horiek umetatik izan dutelako oztopoak (fisiko, politiko edo sozialak) gainditzeko gaitasuna,  eta elkartasuna eta justizia bezalako baloreak transmititu dituztelako", dio Gotzon Barandiaran idazle eta Larrabetzuko (Bizkaia) Dijitalidadea izeneko enpresako kideak. 

Hizkuntza eta kulturaren transmisioa

Izan ere, Larrabetzutik eratorritako ideiaren emaitza da Arrasateko agenda, bertako Dijitalidadea enpresaren eskutik landuta. Enpresa hori dedikatzen da euskarazko kultura edukiak Interneten jartzen, "eta kultura eduki horiek ahalik eta gehien zabaltzeko asmo horretan, iruditu zitzaigun eskoletan erabiltzen diren agendak oso baliagarriak izan daitezkeela", azaldu du Barandiaranek. "Arrasateko ikastetxeetako irakasle asko kanpokoak dira, eta ez dituzte ezagutzen Arrasateko ezaugarri, jaiak edo berbategiak; eta gurasoen kasuan beste horrenbeste", gaineratu du. Beraz, herriko kultura eta hizkuntzaren transmisio tresna garrantzitsua izango da Arrasateko agenda.  

Ekarpenak batzeko gunea

Aurten doan banatu dute agenda ikastetxeetan, eta ez dute salgai ipiniko. Ikusiz gero gainerako herritarrendako erabilgarri dela, gero jarriko lukete salgai. Bestalde, agendaren gaineko kritikak edo eduki gehigarria, ekarpenak… bidaltzeko helbide elektronikoa ipini dute herritarren eskura: agenda@dijitalidadea.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak