Arrasateko bi anaia atxilotu dituzte, ustez herriko emakume bat mehatxatzeagatik

Ubane Madera 2009ko api. 21a, 13:42
Arrasateko bi anaia atxilotu zituen atzo Ertzaintzak, ustez herriko emakumezko bat behin eta berriro mehatxatzeagatik. Herrizaingo Sailaren arabera, bi anaiek aurrekari ugari dituzte eta atxilotuetako bat adinez txikikoa da. Une honetan poliziaren ardurapean dira, epailearen aurretik pasatzeko zain.

Xehetasunen arabera, gertakariak apirilaren 11n gertatu ziren. Arrasateko emakumezko bat kalean zela, lotu barik zeuden bost txakurrek eraso egin zioten. Poltsa erabilita babestu zuen bere burua emakumeak eta modu horretan lortu zuen txakurrek haginka ez egitea. Emakumezkoak erasoa salatu zion poliziari eta poliziak txakurrak kendu egin zizkieten ugazabei, atzo atxilotu zituzten bi anaiei.

Domekan, mehatxuak

Egun batzuk geroago, apirilaren 19an, txakurren jabeek emakumea harrapatu zuten etxeko atarian eta hil egingo zutela eta etxea erreko ziotela mehatxu egin zioten. Poliziak emandako bertsioaren arabera, emakumea etxera sartu eta handik Ertzaintzari deitu zion. Ertzaintzaren patruila bat bertaratu eta bi anaiak aurkitu zituen, bata laban eta ur-azpiko arrantzarako fusil banarekin eta bestea bastoi batekin.

Hori ikusita, laguntza eskatu eta patruila gehiago joanda atxilotu zituzten bi anaiak. Hori domekan izan zen, eta atzo goizean adinez txikikoa libre utzi zuten senide baten zaintzapean, eta anaia nagusia, berriz, epailearen esku utzi zuten.

Libre utzi eta berriro mehatxuak

Bada, kontua da ordu batzuk geroago, eguerdi inguruan, emakumezkoak berriro deitu behar izan ziola poliziari, libre zeuden bi anaiak bere etxera sartzen ahalegintzen zebiltzalako. Ertzaintza iristean, bi anaiak ihes egiten ahalegindu ziren automobil batean, baina berehala atxilotu egin zituzten. Une honetan, polizia etxean dira, berriro ere epailearen aurretik pasatzeko zain.      

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak