Egitasmoaren izenak dioen moduan, herriko baserritarrek parte hartu ahal dute azoka horretan, Arrasaten produzitutako produktuekin, hain justu ere. Helburua horixe da-eta, Marga Garmendia udal teknikariak aditzera eman duen moduan: "Arrasaten ekoiztutako baserriko produktuei bultzada ematea da helburua. Horregatik, ekimena dago zuzenduta nekazaritza arloan jarduten duten arrasatearrei".
Izena emateko, udalera
Azoka horretan parte hartzeko nahikoa da Udaleko Enplegu Zerbitzura jotzea (943 25 20 70, Marga Garmendia). Hori bai, adi ibiltzea ere komeni da, izena emateko epea datorren eguaztenean itxiko dute-eta.
Garmendiak jakinarazi duenez, dagoeneko hasi dira parte- hartzaileen izenak hartzen: "Oraingoz poliki dabil jendea etortzen; badakizue, halakoetan azken orduan etortzen da bereziki jendea izena ematera". Edozelan ere, jakinarazi du Udaletik 12 bat postu espero dituztela.
Biterin barik, Seber Altuben
Bestalde, azken hiru urteotan Seber Altuben egin dute azoka. Iaz, berriz, Biteri plazaren inaugurazioarekin bat egin eta Biterin bertan egin zuten azoka. Baina han haize korronteak daude eta hotz handiagoa ere bai, eta aurten Seberrera bueltatuko direla erabaki du Udalak: "Aurten baserritarrekin elkartu garenean esan digute eurek gurago zutela Seber Altube, Biteri oso leku hotza eta korrontetsua delako eta, gainera, euria eginez gero bustitzeko arrisku handiagoa dutelako. Izan ere, Seberren estalki bat ipintzen zaie, eta eurak eta euren produktuak babestuta daude", jakinarazi du Marga Garmendiak.
Bestalde, berritasun bat ere iragarri du aurtengo azokarako: "Jai giro ukitua eman gura diogu, eta musika, bertso edo halako zerbait antolatzen gabiltza. Oraindik lotu barik dugu".