Arrasateko atletek ezin izan dituzte helburuak bete Mojategiko saioan

Julen Iriondo 2010ko uzt. 4a, 18:18
Pertika eta luzera jauzietan partaidetza libreko saioak izan ziren zapatu goizean Arrasaten. Espainiako Txapelketarako gutxiengo marka lortzea zuten helburu saiootan Jonathan Perezek, Lore Marrek eta Jian Chenek, baina helburutik urrun geratu ziren. Maialen Axpek, berriz, txukun jauzi egin arren, ezin izan zuen bere eta Euskadiko marka ondu.

Bakoitzak bere helburuarekin jardun zuten atleta arrasatearrek zapatuan etxean jokatutako partaidetza libreko probetan. Pertika jauzian, Espainiako Txapelketa absoluturako gutxiengo marka egin gura zuten Jonathan Perezek eta Lore Marrek; Maialen Axpek, berriz, bere marka –Euskadikoa ere badena– hobetu nahi zuen. Luzera jauzian, datorren asteburuan Malagan jokatuko den jubenil mailako Espainiako Txapelketarako sailkatzeko marka egitea zen Jian Chenen nahia. Batek ere ez zuen helbururik lortu.
Pertikan, 4,91 metroko jauzia egin behar zuen Jonathan Perezek rankingean hamargarren postura jauzi egin –egun hamahirugarrena da– eta bi aste barru Asturiasen jokatuko den Espainiako Txapelketarako txartela lortzeko. Marka horretatik urrun geratu zen, ordea, Perez. 4,41ekoa aurreneko ahaleginean gainditu zuen, baina 4,61 metrorekin egindako bi saiakeretan eta 4,71rekin egindakoan huts egin zuen.
Lore Marrek ere Asturiasko hitzordurako sailkapena lortzea zuen jokoan zapatuko saioan. Egin beharreko markatik urruti geratu zen, ordea, hau ere: 3,21 metroko jauzia aurrenekoan egin zuen, baina 3,41ekoarekin egindako hiru ahaleginetan ezin izan zuen langa gainditu. Txapelketa absoluturako txartelik ez zuen lortu, beraz, baina asteburuan Malagan jokatuko den jubenil mailakoan izango da –lehendik zegoen sailkatuta–.
Mojategiko saioa baino lehen bietarako –jubenil mailakorako eta absoluturako– zuen sailkapena lortua Maialen Axpek. Honela, bere eta Euskadiko marka hobetzea zuen zapaturako helburu; eta ez zen urruti ibili. 3,21 metroan hasi eta 3,61eraino ia hutsik egin gabe gainditu zuen langa –soilik 3,41ekoa egin zuen bigarrenean–. 3,70ekoa du marka pertsonala –Euskadiko errekorra–, baina hori hobetzeko 3,71koarekin egindako hiru ahaleginetan ez zuen asmatu.
Dena dela, Espainiako Txapelketan podiumean ikusten du Axpek bere burua, eta are gorago, lehenengo postuan Jonathan Perez entrenatzaileak: "Euskadiko errekorra egin eta Espainiako txapeldun izango da". Lore Mar, berriz, podiumera igotzeko aukerekin ikusten du. Absolutuan, ostera, Axpe aurreneko zortzietan geratzea izango omen da helburua: "Nik uste lortuko duela", zioen Perezek.
Luzera jauzian 6,40ko markarekin iritsi zen zapatukora Jian Chen, eta bost zentimetro gehiago behar zituen Espainiakorako sailkatzeko. 6,16ko jauziarekin, helburutik urrun geratu zen. Oihane Urtzelaik ere ez zuen lan onegia egin, 4,85eko jauziarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak