Arrasateko Akordeoi Lehiaketak: txapela Finlandiara joan da

MaierUranga 2007ko abe. 10a, 10:13
Arrasate izan da, aurtengoan ere, akordeoizaleen topagunea. Eguenetik hasi eta domekara arte, Amaia Antzokia, Kulturate eta Arizmendi Ikastola izan dira akordeoilarien eszenatoki, izan ere, mundu guztiko akordeoilariak etorri dira gurera. Arrasate Hiria Nazioarteko 25. aldiak izan du pisu handiena, baina beste lau ere egon dira egitarau barruan: 28. Gipuzkoako Lehiaketa, III. Udalaitz Lehiaketa, V. Akordeoi Orkestra Lehiaketa eta 20. Gipuzkoako Akordeoi Jaialdia.

Arrasateko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, SUDCek eta Hauspoz Gipuzkoako Akordeoi Elkarteak egindako lana izan da Arrasateko Akordeoi Jaialdia; parte hartu dutenen arabera, primerako antolaketa izan du, gainera.

Errusiarrak

Aurreko urtean frantsesa izan zen arren Nazioarteko Lehiaketako irabazlea, aurreko zazpi urteetan, errusiarrek eraman izan zuten saria etxera. Bielorrusiarrak, ukraniarrak eta serbiarrak ere  etorri dira, atzerrian lehiaketak izen handia duela erakutsiz, eta lehiaketari aniztasuna erantsiz. Izan ere, Europa guztiko akordeoilariak entzuteko parada egon da Arrasaten, tartean, bi euskaldun ere: Marina Hernaez zumaiarra eta David Gordo gasteiztarra. Hernaezek, 2005ean, Arrasateko Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketan lehenengo saria irabazi zuen, senior mailan, eta Gordok ere sari berbera irabazi zuen, baina 2003. urtean.

Ari Lehtonen, irabazle

Ari Lehtonen finlandiarra izan da aurtengo Arrasate Hiria lehiaketako irabazlea. Hala, aurtengoan, errusiarrak hirugarren tokiarekin konformatu beharko dute, izan ere, jendea liluratuta zebilen Ari Lehtoneni entzunda.

Aurreko urteko irabazlea bezala, Finlandian dabil Lehtonen, Sibelius akademian goi mailako ikasketak egiten, Matti Rantanen maisuarekin. Mundu osoan dagoen ikastetxe onenetakoa omen da Sibelius; ikasleak, behintzat, paregabeak dituztela argi geratu da. Bigarren tokian, Harald Oelder alemana eta, hirugarrenean, Ivan Talanin errusiarra sailkatu ziren. Guztiek derrigorrezko obra bat zuten jotzeko, Cesar Camareroren Luz Azul, hain zuzen ere, eta jo zituzten beste sei lanak bakoitzak aukeratutakoak izan ziren. Horrek zaildu zituen epaimahaiaren lanak; epaimahaian egon den Jose Antonio Hontorika donostiarrak esan bezala, "estilo ezberdinak jorratu dituztenez, ez da erraza balorazio berbera egitea guztiei; oso nibel altua egon da, gainera".

Domeka goizean eman zituzten sariak Amaia antzokian. Aste bukaerako lana eta gero. pozik zeuden bertan elkartutako akordeoi-joleak. Internazionalean parte hartu dutenak Arrasateko hotel batean egon ziren, eta eguneko ordu gehienak entseatzen pasatu zituzten, logelan sartuta. Hala ere, izan zuten dantzarako eta bertako janaria dastatzeko aukerarik ere.

Munduko akordeoilari onenetariko 10 gurean izateaz gain, maila guztietan, 200 musikarik hartu zuten parte lehiaketa guztien artean, umeak, gazteak eta helduak.

Emaitzak

25. Nazioarteko Arrasate
Hiria Akordeoi Lehiaketa

Sari nagusiak
1.  Ari Lehtonen
(Finlandia)
2. Harald Oeler
(Alemania)       
3. Ivan Talanin
(Errusia)

28. Gipuzkoako
Akordeoi Lehiaketa

Infantil maila
1. Andoni Otxoa
2. Maria Mogas
3. Lore Amenabar
4. Nestor Gascue

Gazte maila
1. Maria Zubimendi
2. Narciso Jimenez
3. Mikel Cerrada

Senior maila
1. Adrian Bolea
2. Blai Navarro
3. Nerea Perez

III. Udalaitz Akordeoi Lehiaketa
1. Adrian Perez Martinez
2. Asier Otxandorena Dorregarai

V. Akordeoi Orkestra Lehiaketa
1. Lauhaizeta Akordeoi Orkestra

Balorazioa

Balorazio positiboa egin zuten antolatzaileek, ekitaldia amaitzerakoan. Beste behin ere, Arrasate izan da akordeoiaren hiriburu, eta herriak emandako babesa eskertu gura izan du Aitor Furundarena Hauspoz elkarteko presidenteak. "Munduko akordeoi-jole onenetariko batzuk bildu dira Arrasaten, akordeoia oraindik ere bizirik eta indartsu dagoela erakutsiz", zioten antolatzaileek. Horrez gain, Arrasaten "kalitatea, kantitatea eta akordeoiarekiko konpromisoa bildu" zirela nabarmendu zuten. Publikoaren erantzuna ere handia izan zen: egunero etorri da leku askotako jendea kontzertuetara.

Lehiaketa baino gehiago

Lehiaketako kontzertuez gain, beste hainbat ekintza ere egin ziren, guztiak akordeoiarekin lotuta. Barikuan, esaterako, Arrasateko Kajoi tabernan, kafe-kontzertua egon zen, eta, zapatuan, amaiera festa, Txalaparta elkartean, afariarekin eta Kupela taldearen kontzertuarekin.

Vincent Lhermet 2006ko irabazlearen kontzertuak ere egon ziren Arrasateko Kulturaten, Aretxabaletako parrokian eta Tolosako musika eskolan.

Epaimahaia

Izen handiko musikariak izan dira aurtengoan ere epaimahaikide. Mundu guztitik etorri dira hauek ere, tartean, Donostiako Jose Antonio Hontorika ere bai. Azken momentuan, txinatar bat etorri da, gainera; izan ere, Matti Rantanen maisu finlandiarrak ez du etortzerik izan, eta, bere ordez, Shanghaiko Cao Xiao-Qing irakaslea etorri zen Arrasatera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak