Jaioberria da Arrasateko Txorbela otxotea; bi urte ez ditu bete oraindik, eta otxoteen tradizioa lehen bezain indartsua ez izan arren, dagoeneko Arrasateren izena eraman du, besteak beste, Zaragozara eta Granadaraino. Oraingo astean, berriz, Hondarribi bisitatuko dute, Hondarribiko alardeak aktuatzeko.
Arrasateko otxoteak entzuteko moduko errepertorioa duela ziurtatu du Inazio Olaizolak: "Denetarik egiten dugu: polifonia, XV. mendeko musika, Santa Ageda bezperan kantatzen den Hombres de fe edo Garcia Lorcak idatzitako Anda jaleo…" Izan ere, musikarekin eta, bereziki, kantuarekin lotutako eskarmentu handia duten gizonezkoek osatzen dute Txorbela.
Otxotea izan arren, zortzi lagunek baino gehiagok osatzen dute Txorbela: "Lehen, zortzi kidek osatutakoak ziren; gaur egun, berriz, badira batzuk hamabi kidekoak. Gure kasuan, zortzi baino gehiago gara", kontatu du Olaizolak.
Santa Agedako koruetatik
Otxotearen jatorriarengatik galdetuta, Olaizolak esplikatu du Santa Agedako koruetatik eratorritakoa dela: "Orain dela 18-20 hilabete elkartu ginen, koruetan ibilita ikusten genuelako kantu batzuk kili-kolo zeudela; horiek berreskuratzeko elkartu ginen; proiektu hura gorpuztu egin zen Txorbelan". Bestalde, gogora ekarri du Arrasateko historian badagoela otxoteekiko tradizioa: "Arrasaten bertan, 1969ko abenduan egon zen otxoteen arteko azken lehiaketa".
Hostoa izen
Bukatzeko, otxotearen izenaren jatorria ere azaldu du: "Otxoteko kide bat bazkide da elkarte batean, eta elkarteari Txorbela ipini gura zion (hostoa esan gura du). Ez zuen lortu. Orain, sikiera, talde honi izena jarri dio".