Gaur, esaterako, literatura, gaztelania, filosofia, historia, lurra eta halako asignaturei dagozkien azterketak egin beharko dituzte goizean. Arratsaldean, berriz, matematika, marrazketa eta antzekoak egingo dituzte.
Batzuk 18:45ak arte izan beharko dira azterketetan, beste batzuk, berriz, 16:30erako bukatuko dute. Izan ere, aurten berritasunak daude selektibitatean, eta ikasle bakoitzak aukeratzen duen asignaturen arabera egingo dituzte azterketok.
Gauza bera gertatuko da egunekin: batzuk eguenean bukatuko dituzte azterketak eta beste batzuk egubakoitzean. Hori bai, guztiei ere, ekainaren 17an jakinaraziko dizkiete emaitzak, norbere ikastetxeko irakasleen bitartez.
Ondo prestatuta
Arizmendi Ikastolatik kontatu dute nerbioso joan direla ikasle asko, ez azterketa ez gainditzeko beldurrarengatik, baizik eta asko dutelako jokoan, eurek ikasi gura dituzten ikasketendako behar duten nota lortu behar dutelako kasu askotan eta nota altua izaten delako sarri.
Dena den, bai Institututik zein Arizmendik aditzera eman dute oso ondo prestatuta doazela Arrasateko ikasleak. Edozelan ere, seguru guztiek ondo hartuko dutela zorte apur bat, beraz, horixe opatuko diegu: zorterik on-onena.