Horazio Argarate: "Arrasatearren sinpatiak eta eskuzabaltasunak harritu nau"

Ubane Madera 2010ko ira. 30a, 20:06

Irailaren 11n, Jose Inazio Munilla Gotzaina Arrasaten izan zen parroko berria izendatzen: Horazio Argarate (Eibar, 1966). Hala ere, kargua berria izan arren, urriaren 1ean urtebete egin zuen Argaratek Arrasaten, orain arte abade lanak betetzen ibili da-eta, Uribarrin eta Musakolan. Oso gustura dago Maritxu Kajoiren herrian.

Hortaz, orain San Juan parrokian jardungo duzu bakarrik?
Txandaka jarraituko dugu.  Auzo askotan esan didate: orain utzi egingo gaituzu… eta ez. Egia da San Juanen jardun behar dudala, baina orain beste txanda batzuk antolatuko ditugu, auzo guztietan ibiltzeko, baita ere. Taldean oraingoz hiru abade gara: herrian urte asko egin dituen frantziskotarra, Jose Luis Arrizabalaga, eta beste abade berri bat etorri da, gazte-gaztea (32 urte), Imanol Prieto Zumarragakoa, Munillak berak bidali duena.

Aurkeztu ezazu zure burua…
Pertsona langilea naiz, baita ere lotsati samarra zenbait gauzetarako, harremanetarako askotan ez daukat erraztasun larregi, baina behin kokatzen naizela toki batean, jendearekin lagun ona izaten naiz, eta ni, behintzat, prestu etorri naiz dakidan guztia eta daukadan guztia Arrasateko kristauen alde emateko eta baita ere haien bitartez herri osoari.

Etorri aurretik ezagutzen zenuen Arrasate?
Bai. Eibartarra izanda ez dago joera handiegirik honako, baina danok pasa gara hemendik festa batzuk direla… Urte batzuk Bergaran lan egiten eman nituen apaiztu aurretik eta Arrasatera maiz etortzen ginen.

Festazalea zara orduan, edo izandakoa, behintzat?

Eta jarraitzen dugu horretan. Nork ez ditu ezagutzen Maritxu Kajoi edo Santamasak…? Ibilitakoak gara.

Maritxu Kajoi zalea zara?

Sortzen den giroarena bai, behintzat (barreak).

Zer pentsatzen zaizu Arrasate?
Zerbaitek harritu banau da jendearen sinpatiak eta eskuzabaltasunak; harrigarria da jendea zela hurbiltzen den, eta zela edozein gauzatarako prest azaltzen diren. Benetan pozgarria izan da ze erantzun jatorra ematen duten edozer gauza eskatuta eta euren etxetara joateko-eta… oso gauza bitxia iruditu zait.

Hori horren nabarmena da beste herri batzuekin alderatuta?

Adibide bat: Usurbildik joaterakoan, lau urteren ostean, bihotz-bihotzez esan zidaten: hementxe duzu gure etxea. Arrasaten, berriz, lehenengo egunetik esan dit askok: hementxe duzu gure etxea. Esaldi bera da, baina bi momentu desberdinetan emanda eta bi izaerak islatzen dituena.

Eliza berbagai da azkenaldian, Arregi dela, Munilla dela, zisma berba ere entzun izan dugu…

Azpian arazo handia dugu Gipuzkoako elizan bertan, hori egia da.. Gero, bai Joxe Arregi eta bai Jose Inazio Munilla gure Gotzainak eraman duten moduak umekeria eman du: horrek esan du, besteak esan du… inongo proba barik… baina zoritxarrez hori baino gehiago da. Munilla gure Gotzaina da, Erromak aukeratutakoa, baina ezin ahaztu apaizen artean zela mutur batekoa eta hori aukeratu dute eta kaskarreko handia jaso dugu. Horren aurrean zer egin? Nik askotan konparatzen dut gure jarrera Mikel Goñi pilotariarenarekin: galtzen hasten zarenean ezin ondo eraman… guk beste bide batetik joan garenok, Jose Inazioren bidetik joan ez garenok kaskarreko handia hartu dugu. Baina Erromatik “alto” eman digute. 

Umeek moduan, badago kaskarrekoa hartu eta batere ikasi ez, edo alderantziz, jipoia hartu eta ikusi zertan gaizki geunden edo zer egin behar den; ezin dena da ezer ez dela gertatu bezala bizi. Denok pentsatu behar dugu ondo zelako erantzunak eman behar diren…

Zisma da Eliza zatitzea eta ez dut uste horretarako indarrik eta gogorik dagoenik, eta hori ez bada, azkenean umeak bezala emandakoa hartu eta bidean zuzendu beharko gara.

Baina esan daiteke gizarteak beste eliza mota bat eskatzen duela… Munillaren erabakiak eragina izango du Arrasateko elizan?

Munilla dagoen tokian dagoelako, dagoeneko eragina du; berak aukeratu du Imanol hona etortzea eta ni parroko izendatzea. Eta egia da Inazioren pentsaera eta orain arteko bidea bide kontserbadorea dela, edo klasikoagoa orain arte eraman izan dena baino. Batzuk disgustu handia hartuko dute; beste batzuk badira pentsatzen Eliza barruan orain arte ahaleginak egin direla gaurko gizartearekin elkarrizketetan jarduteko.

Baina horrek porrota besterik ez du ekarri. Ia 30 urteko ibilbide batek ez du fruitu handirik eman, eta aldiz, talde kontserbadoreak edo lehengo erakoak Eliza barruan daudenak indartu egin dira krisi horren barruan. Adibide bat: Munilla eta bere anaia Esteban Bergaran egon ziren eta bailara honetan lan handia egin dute eta Plazentziatik, Bergaratik, Elgetatik, Arrasatetik …azken urteotan zazpi abade atera zituzten. Eta hemen egon dira beste abade jator, herrikoi eta emandakoak, baina Elizaren barruko egituran indarrik ez dute izan. Krisi handia dago Eliza barruan. Bi bide horien artean nondik jo behar dugun denon artean pentsatu behar dugu zein aldera jo behar dugun.

Arrasateko eliza zein egoeratan dago?
Elizkizunak nahiko beteak daude: %10 domekero mezetara doa, badirudi gutxi dela, baina batez beste 2.300 pertsona dira,  eta inork ez du batzen astero-astero halako talderik. Baina arazo handiena da beterik daudela baina nagusiekin. Gazteekin edo gizon-emakum helduekin eten handia dago.

Ikasturteari begira, baduzue lehentasunen bat?
15-16 urteko neska-mutiko talde bi-edo sortuko dira; azken urteotan zoritxarrez ezin izan dugu halakorik izan, baina aurten bai.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak