Arrasatearrek ezustekoa eman dute 9. Arrasate Hiria xake txapelketako lehen jardunaldian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko urr. 10a, 20:17
Orain arteko txapelketarik 'gogorrena eta puntakoena' atzo, egubakoitza, hasi zen. Faborito nagusiek ez zuten hutsik egin, baina 'kostata' irabazi zituzten euren lehiak. Ezustekoen artean, arrasatearrak izan ziren protagonista. Arrasate Xake elkartea, beraz, oso pozik dago lehen jardunaldiaren ostean.

Atzo, egubakoitza, hasi zen 9. Arrasate Hiria xake txapelketa. Txapelketan 34 xakelari ari dira parte hartzen.  

Ezustekoak, etxekoen eskutik
Lehen jardunaldian 15 partida jokatu ziren. Antolatzaileek jakinarazi dute faboritoak izan zirela nagusi. Hori bai, "kostata eta partida luze eta borrokatuak" jokatuta irabazi zuten. Faboritoak nagusitu arren, izan zen ezustekorik. Eta horietan, arrasatearrak izan ziren protagonista. 15 urtetxo dituen Juan Manuel Ruizek berdindu egin zuen rankingean zazpigarren lekuan dagoen Andoni Migelekin. Ruiz eta Asier Etxagibel dira Arrasateko taldearen harribitxiak. Gaztetxoen mailan Euskal Herriko txapeldunak izandakoak dira.
Gainera, klubeko beteranoa den Eugenio de Andresek rankingean zortzigarren postuan dagoen Juan Manuel Salinero menderatu zuen; eta azkenik, Iban San Jose arrasatearrak –rankingean azkenetarikoa da– berdinketa lortu zuen Egoitz Irure azpeitiarraren aurrean. Rankingari dagokionez onena den Josu Tornay arrasatearrak ez zuen kale egin; "oso luzea" izan zen norgehiagokaren ondoren, irabazi egin zuen Oskar Sanabriaren aurka. 

Maisu handia, martitzenean

Txapelketa irabazteko faborito nagusia, Holden Hernandez kubatarra, martitzenean lehiatuko da Altamirako egoitzan, 16:30ean. Alejandro Franco iazko txapeldun eta nazioarteko xakelariak, berriz, astelehean izango norgehiagoka, 18:00etan.
Xake zaleen artean txapelketak ikusmina piztu du. Izan ere, puntako bi jokalari izango dira txapelketan: lehen aipatutako Holden Hernandez kubatarra eta iaz txapela eroan zuen Alejandro Franco madrildarra. Biak dira profesionalak. Hala, antolatzaileek diotenez, orain arteko txapelketarik "gogorrena eta puntakoena" izango da. Hori, diote, "bederatzi urteko lanaren emaitza" da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak