Arrasate Poker elkarteak egoitzaz aldatzea erabaki du, arazo ekonomikoak direla-eta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko urr. 5a, 12:59
Arrogoi taberna zena zuten egoitza moduan, baina alokairua garestitu egin dietela-eta, Uribe auzoan beste lokal bat hartu dute poker zaleek.

Pokerra asko zabaldu da Arrasaten. Filmak aurkezten ziguten gutxi batzuendako joko ilun hura izugarri zabaldu da gazte  arrasatearren artean. Horren adierazle garbia da orain dela urte eta erdi sortu zen Arrasate Poker elkartea. Izan ere, elkartearen helburu nagusia da, hain justu, "etxea, emaztea eta sos guztiak" galtzen diren joko horren irudia garbitzea.

Lekualdatuta, baina aurrera
Egoitzaz aldatu badute ere, elkartea aurrera doala jakinarazi du bertako kide den Juan Carlos Santanak. Hasieran Arrogoi taberna zena zuten egoitza, baina ugazabak alokairua igo dienez, lekuz aldatzea erabaki dute. Orain Uribe auzoan daude, Ostarku dantzalekuaren ondoan. Santanak gogoratu gura izan du irabazi asmorik gabe eta modu legalean antolatu gura dutela; hau da, pokerra bera sustatzea dela helburua. Pokerra, joko moduan. Oraindik, baina, tramiteetan dabiltza Eusko Jaurlaritzarekin.
Elkarteko bazkideei dagokienez, Santanak "gero eta gehiago" direla dio, pokerra hedatzen ari den seinale. Orain dela aste bi, adibidez, txapelketa antolatu zuten Udala auzoan, eta bertan 53 pertsonek hartu zuten parte. 

Arrasatearrak Estatu mailako txapelketan

Urriaren 22tik 25era Espainiako poker txapelketa jokatuko da Donostiako Kursaal kasinoan. Arrasate Poker elkarteko Juan Carlos Santanak aurreratu duenez, elkarteko zenbait kidek parte hartuko dute. Hala, orain dela aste bi Udala auzoan jokatutako txapelketa Espainiako txapelketan nork hartuko duen parte erabakitzeko egin zen –euren baimen barik, ez ditu parte-hartzaileen izen-abizenak eman nahi izan–. Santanak hau adierazi du elkarteko kideen parte-hartzearen inguruan: "Txapelketan maila oso handia izango den arren, ziur elkarteko kideren batek lan polita egingo duela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak