Obra Sailetik azaldutakoaren arabera, Foruen plazatik San Viator Handirainoko kale zati horretan bi noranzko dituen errepidea egingo dute eta aparkalekuak egokituko dituzte, errenkada bakarrean.
Horrekin batera, espaloiak handitu egingo dituzte, gaur egun daudenak oso estuak direlako. Eta azpiegiturekin lotuta, besteak beste, lur azpiko lau edukiontzi ipiniko dituzte eta oro har, saneamendua eta argiteria berritu egingo dituzte.
Esandako moduan, hori guztia idatzita dago eta Udalak oraingo astean onartu egin du proiektua. Hain zuzen ere, datozen lau urteotarako Udalak aurreikusitako inbertsio planen barruan dago Arrasate Pasealekua berritzea. Hori horrela, oraindik ez dute obrak egiteko datarik zehaztu. Hori bai, jakinarazi dute 2008ko aurrekontuan ez dagoela obra hori aurreikusita.