Arrasate Musikalek orkestra sinfonikoa aurkeztuko du bihar

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko api. 2a, 13:10
Pauso berri bat eman du Arrasate Musikalek orkestra sinfonikoa sortzen, halako orkestra batek lan handia eta kualifikatutako musikariak izatea eskatzen baitu. Arrasateko Udaberriko Musikaldiaren barruan antolatutako emanaldia da euren aurkezpen kontzertua; bihar izango da Arrasateko parrokian, 20:00etan. Iker Olazabal zuzendari duela, zarzuelaz gain, urtean kontzertu gehiago emateko sortu den proiektua berria da.

Arrasate Musikalek beste pauso bat eman du, lan handia eta historia luzea duen urrats kualitatiboa: Arrasatek orkestra sinfonikoa izango du aurrerantzean. Eta egubakoitzean da pribilegio horretaz gozatzeko lehen hitzordua; Arrasateko parrokian izango da kontzertua, 20:00etan. Kontzertua V. Udaberriko Musikaldiko egitarauaren barruan antolatu dute.


Instrumentu 'guztiak' batera
Orkestra sinfoniko bat sortzeak lan handia eskatzen du; baita instrumentu ezberdinak jotzen dakiten musikariak ere, noski. Izan ere, orkestra sinfonikoa instrumentu mota guztiek osatzen dute: harizko, haizezko –egurrezko zein metalezko– eta perkusio instrumentuek, hain zuzen. Arrasateko kasuan harizko instrumentuak dira nagusi; 21 guztira –14 biolin, hiru biola, hiru biolontxelo eta kontrabaxu bat.

Zarzuelaz haratago
Proiektu berri baten hasiera da Arrasate Musikaleko orkestra sinfonikoak gaur eskainiko duen emanaldia. Edorta Aiastui Arrasate Musikaleko kideak jakinarazi duenez, "aurten, orkestra sinfoniko berriaren asmoa da gaurko kontzertua eta urte bukaerako zarzuela berria prestatzea".
Ezin da ahaztu orkestra sinfonikoa sortzeko errudun nagusia zarzuela izan dela, orkestrari hobetzen eta muga berriak apurtzen lagundu dion ikuskizuna izan baita. Hala, musikari asko zarzuelako orkestratan aritutakoak dira. Hala ere, gaur egingo duten moduan, zarzuelatik kanpo ere jo gura dute; hau da, Aiastuik dioenez, "urtean zehar zarzuelaz aparte beste kontzertu batzuk eskaintzea".

Aurrekariak izan dira
Arrasatek izan zuen orkestra sinfonikoa. 1975ean sortu zen, Juan Artzamendi egun Arrasate Musikal moduan ezagutzen den musika eskolaren sortzaile eta orkestra zuzendariaren eskutik. Hasierako orkestra hura 12 eta 20 urte arteko 30 gaztek osatzen zuten, eta euren asmoa kontzertuen bidez musika zabaltzea zen. Edozelan ere, Artzamendi erretiratu zenean –1992an– orkestra sinfonikoa desagertu egin zen urtetan zehar, zarzuelaren bidez pixkanaka itzuli den arte.
Egungo orkestra sinfonikoan Arrasate Musikaleko ikasleek eta irakasleek hartzen dute parte, baina 1975ko orkestrako ikasle ohi batzuek jotzen dute oraindik ere. Iker Olazabal da orkestra sinfonikoaren zuzendaria. Olazabal izan da zarzuelaz haratago proiektuari jarraipena emateko apustua egin duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak