"Arrasate Lehiaketen" sari banaketa eta "Hiru haundixek", apirilean

Maider Arregi 2007ko apirilaren 3a

Aste Santu ostean, hilaren 26an, egingo dute "XX. Arrasate Lehiaketen" sari banaketa. "Hiru haundixek hiru egunetan" ekimenean esku hartzeko hilaren 26a baino lehen eman behar da izena.


AEDko arduradunak buru-belarri dabiltza Aste Santuko oporren osterako egingo dituzten hainbat ekitaldi prestatzen: Mugarriz Mugarri, Hiru haundixek hiru egunetan eta XX. Arrasate Lehiaketak, hain zuzen ere.
Hilaren 22an, Arrasateko inguruak ezagutzeko Mugarriz Mugarri ekimena egingo dute, Besaide eta Arrasate Kirol Proiektuaren laguntzarekin. Hala, oraingoan Garagartzako kobak bisitatzera joango dira.

Hiru Haundixek Hiru Egunetan

Mendi ibilaldiekin jarraituta, hilaren 29an, 30ean eta 31n Hiru haundixek hiru egunetan ekimena egingo dute. Urtero moduan, Aizkorri, Anboto eta Gorbeia mendiak igoko dituzte. Lehenengo etapa Zalduondotik abiatuko da Aizkorrirantz, eta Leintz Gatzagan bukatuko dute. Bigarren egunean, berriz, Aramaio zeharkatu ostean Anbotoko gailurrera igoko dira. Eta hirugarren etapan Gorbeiarantz joango dira. Handik Murura jaitsiko dira, eta hiru egunetako ibilaldia bukatutzat emango dute.
AEDko bazkideek 35 euro ordaindu beharko dute; eta bazkide ez direnek, 50 euro. Horren barne, gosariak, hamaiketakoak, afariak eta lo egiteko lekua daude. Izenematea apirilaren 25a baino lehenago egin beharko da AEDk Pablo Uranga kalean duen bulegoan, 943 771228 telefonoan edo gazteak@aedelkartea.com helbidera idatzita.

Sari banaketa, hilaren 26an

Bestalde, AEDk urtero antolatzen dituen Arrasate Lehiaketek bere XX. edizioa bete dute aurten. Aurtengoan, edizio borobil horretan, lehiaketa horietara 118 lan aurkeztu dituzte guztira: 59 bertso paper, 41 ipuin, 11 poesia eta 7 komiki, hain zuzen ere; aurreko urteen antzera.
Sari banaketa hilaren 26rako iragarri dute, eta sari bakoitza zeinek jasoko duen azaldu ez duten arren, honako hauek dira epaimahaiak sailkatu dituenak: ipuinen alorrean, Josune Milan Lopez, Juan Jose Caceres Gonzalez, Maddi Bengoetxea Romaratezabala, Gihane Urzelai Arregi, Itsaso Jauregi Arraburu, Jokin Mendizabal Agirre eta Hasier Larrea Herrero, hain zuzen ere.
Bertso paperari dagokionez, honako hauek izango dira sarituak: Irene Lasaga Arana, Maddi Labayen Iraeta eta Xabi Igoa.
Poesian, beste hauek: Gihane Urtzelai Arregi, Karmen Idoate Ortueta eta Ainhoa Lizarralde Igartua.
Bukatzeko, komikiaren alorrean, honako hauek joango dira sari banaketara: Jon Urkizu Irazusta, Lexuri Doyague Loiti, Maite Sanchez Martin, Iñigo Merino, Ainara Oribe eta Michael Marcos Murillo.
Aste Santu ostera arte itxaron beharko dute zer sari jaso duten jakiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak