Arrasate Errugbi Taldeak logotipo eta kamiseta berriak aurkeztu ditu

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko urtarrilaren 22a

Arrasate Errugbi Taldeak klubaren logotipo berria aurkeztu du, eta baita otsail hasieran estreinatuko dituen jantziak ere; herensuge gorri batek orain arte Arrasateko errugbi taldearen irudi izan den Obelix ordezkatuko du.

Gaur eguerdian egin dute kamiseta eta logotipo berriaren aurkezpena.Klubaren orain arteko ibilbidean Obelix izan da Arrasateko errugbi taldearen irudi nagusia, baina irudi hori eguneratzeko ordua iritsi dela uste dute.

Indarra eta konpromisoa

Arazoa Obelix ez dela klubaren irudia da; hau da, copyrighta duen irudi bat da, eta sekula arazorik izan ez badute ere, aldatzeko ordua zela erabaki du klubak Ramon Barrutia elkarteko presidentearen berbetan. Hala, errugbiko ordezkariek Arrasateko herensugearen irudia aukeratu dute Obelix ordezkatzeko: Indarra eta konpromisoa erakusten duen irudia dela esan digute.

Irudiaren egilea Aitor Etxebarriarteun aretxabaletarra izan da, eta Iñigo Zabalaren laguntza izan du lana egiteko orduan. "Herensugea gogorra da, errugbia bezala. Bien arteko lotura erakutsi gura izan dugu; gainera, herensugearen atzaparrak erakutsi ditugu. Kolore gorria aukeratu dugu kamiseta morea delako eta kontrastea egiteko", dio Etxebarriarteunek.

Astorek egin du kamiseta

Irudi berriarekin batera Astorek egindako jantziak ere aurkeztu dituzte prentsaurrekoan. Horrekin batera, azken urteotan taldearen babesle izan den eta datozen urteetan ere jarraituko duen Kanpanzar Harrobiaren babesa eskertu gura izan dute errugbiko arduradunek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak