Arrasate EHko historian kokatzeko hitzaldi zikloa

Miren Manias 2010eko apirilaren 22a

Hiri Gutunaren 750. urteurrenaren harira antolatutako hitzaldi zikloen lehen saioa egin zuten atzo arratsaldean udaletxeko pleno aretoan. ‘Karta Pueblak 750 urte, ospatu edo ez ospatu?’ izan zuten hizpide. Antolatzaileen esanetan, ekimenaren helburua da Arrasate Euskal Herriko historian ongi kokatzea eta liburuetan kontatu ez diren pasarteak ezagutzera ematea.

Hainbat historialari eta adituren ustetan, gutxitan aipatu da eduki politiko gisa Arrasate herri nafarra dela. Horregatik, Hiri Gutunaren 750. urteurrenaren harira, Arrasate Euskal Herriko historian kokatzeko helburuarekin hitzaldi zikloa antolatu du Arrasateko Udalak, Nabarralde eta zuztarrak errotuz taldeekin batera.

Atzo egin zuten lehen saioa eta interes handia piztu zuen ’Karta Pueblak 750. urte, ospatu edo ez ospatu?’ izenburupeko hitzaldiak, izan ere, lagun ugari bildu ziren udaletxeko pleno aretoan. Arrasatek historian bere leku eta nortasun propioak dituela kontatu zuten hizlariek, ezjakintasun handia dagoelako euren ustetan. Hala, aretoan proiektatutako irudien eta testuen laguntzaz Arrasateren jatorrizko nortasuna azaldu zuten.

Beñi Agirre hizlarietako baten esanetan, mitologiari eta antzinaroari buruz asko idatzi da historiako liburuetan, historia polita eta betea, Agirreren ustez. Alabaina, hainbat pasarte ez dira ezagutzera eman eta itzalean geratu direla adierazi du. Horregatik, garrantzitsuak eta ausartak iruditzen zaizkio horrelako ekimenak.

Atzoko hitzaldiarekin hezkuntza mundua ere sentsibilizatu nahi izan zuten, euren ustetan oraindik ere jorratu ez diren historiako pasarte edo eduki horiek ikasgeletan ere landu ditzaten.

Bost izango dira hitzaldiak guztira eta bigarrena apirilaren 28an izango da, udaletxeko pleno aretoan arratsaldeko zapiretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak