Arrasate Dragoi gimnasia taldeko neskak maiatzaren 16an lehiatuko dira, Granadan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko api. 17a, 23:13
Pozik egon daitezke Arrasate Dragoi gimnasia taldea, euretako bost neskek Espainiako Aerobik txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu baitute. Euskadiko txapelketan hirugarren egin ostean heldu dira Espainiako txapelketara, eta maiatzaren 16an lehiatuko dira Granadan Estatu mailako talde onenen kontra.

Txalotzekoa da Arrasate Dragoi gimnasia taldeko bost neskek lortu dutena; pozik daude Saioa Arriola, Leire Gonzalez, Leire Poyato, Jone Goikolea, Naiara Zabarte eta Janire Morales. Urtetan zehar gimnasia erritmikoa egiten ibili ondoren, 2008-2009 denboraldian Euskadiko Aerobik txapelketan parte hartzera animatu eta sekulako emaitza lortu baitute.

Amestutako debuta
Lehenengoz eman dute izena Aerobik txapelketan, eta Espainiako txapelketarako txartela eskuratu dute. Maiatzaren 15ean Arrasate utzi eta Granadara abiatuko da boskotea, eta egun bat beranduago izango dute proba Espainiako talde onenen artean. Domekan, azkenik, etxerako bidea hartuko dute. Hots, aste bukaera bakarreko joan etorria.

Gimnasiatik aerobikera
Boskote arrasatearra oso txikitatik aritu da gimnasia erritmikoan. Hala ere, kirol horretan oso gutxi dira 18 urtetik aurrera gimnasia erritmikoa egiten jarraitzen dutenak. Hala, gimnasia utzi eta gero, aerobika egiteko aukera suertatu zitzaien. Edurne Elkoro taldearen entrenatzaileak jakinarazi duenez, "jarduera fisiko handiko kirola da aerobika, baina ez ditu gimnasia erritmikoak eskatzen dituen entrenamendu orduak eskatzen".
Estatu mailako probari dagokionez, Euskadiko txapelketako koreografia bera egingo dutela jakinarazi du Elkorok. Bi minutuko saioak dira; kalifikazio onena egiten duenak irabaziko du.

Ez da erraza izango
Elkorok badaki oso zaila egongo dela txapelketako lehen postuetan amaitzea: "Estatu mailako talde onenak izango dira Granadan eta Aerobika ezezaguna da hemen Espainiako hainbat lekurekin konparatuz". Hala ere, arrasatearren helburu nagusia Espainiako Aerobik txapelketa ezagutzea da.

 

Gimnasia erritmikoa: Maiatzean ospatuko dituzte maila guztietako finalak

Maiatza hilabete ezin erabakigarriagoa izango da Arrasate Dragoi gimnasia taldearentzat. Izan ere, eskola arteko txapelketako bigarren fasea gainditu ondoren, hilabete horretan izango dituzte maila guztietako Gipuzkoako txapelketako finalak. Maiatza erdialdean izango dituzte Gipuzkoa mailako probak –maiatzaren 16 eta 23ko aste bukaeretan– eta lehen hiru postuetan sartzen diren taldeak Euskadiko txapelketan hartuko dute parte–maiatza amaiera eta ekain hasieran egingo dira–. Heldu da, hortaz, denboraldiko lan guztia neurtzeko unea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak