Arrasate da Gipuzkoan aire kutsaduraren muga gehien apurtzen duen herria.

Txomin Madina Milikua 2007ko apirilaren 12a

Eusko Jaurlaritzaren ingurumen sailaren datuen araera, trafikoa eta industria dira, hurrenez hurren, muga hauste hauen arrazoiak. Arrasate, Tolosa, Beasain, Donostia, Errenteria eta Azpeitia dira Gipuzkoan, gomendatutako aire kutsadura mailak gainditzen dituzten herriak.

 Alarma ez sortzeko baina, esan beharra dago herri hauetako batek ere ez duela gainditzen Europar Batasunaren urteko muga. Arazoa da,  europar batasunak dioela, urtean 35 egun baino gehiagotan ezin direla airean metro kubikoko 50 mikrogramo partikula baino gehiago egon, eta hor egin dute kale zerrendako 6 herriek, Arrasate barnean dela.

2000-2005 urteen artean, Gipuzkoako aire kutsadura maiak %6,6 egin du behera, baina oraindik badago zertan hobetu, ingurumen saileko arduradunen arabera. Tximiniek eta autoetako ihes hodiek botatzen dituzten PM10 partikulatxoak eta nitrogeno dioxidoa dira konpondu beharrekoak Gipuzkoan. Haurrei, adineko pertsonei eta arnasketa arazoak dituzten pertsonei eragiten diete hauek.

Ingurumen saila aire kutsaduraren arazoari aurre egiteko hainbat aukera eta neurri ikertzen dabil. Herri barruko trafikoak eragindakoari kutsaduraren kontra, garraio publikoa indartzea eta aire garbidun guneak sortzea dira planteatzen direnak. Herri arteko trafikoaren arazoa zailagoa da: hemen ere, garraio publikoan indar berezia egin nahi da, eta norbere auto eta kamioietan filtroak jartzea ere izan daiteke konponbideetako bat. Filtroak ere, erabilgarriak izan daitezke lantegietako tximiniek botatzen duten kea garbitzeko

Herrietan egiten diren lanek eragindako kutsaduraren aurka, hondakinak garraiatzeko kamioiek estalkia jartzea da gomendioa, baita hautsa ez harrotzeko, errepideak garbitu eta bustitzea ere.

Herritarren artean ere, aire kutsaduraren inguruko sentsibilizazioa sortu nahi da, berogailua jaistea zein gas galdarak aldatzea bezalako ohiturak bultzatuz.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak