'Arrasate Bizirik' aldizkaria kaleratu du Ibai-Artek

Arrasateko Merkataritzaren aldizkariak 16 orri ditu eta koloretan kaleratu dute. Besteak beste, erreportajeak, elkarrizketa, auzoetako merkataritzaren gaineko albisteak, udal berriak eta laburrak bildu dituzte. Guztira, 9.500 ale banatuko dituzte. Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egin du aldizkaria Ibai-Artek, eta Artemanek egin du diseinua.

Hiruhilabetekaria

Ibai-Arteren asmoa da Arrasate Bizirik aldizkaria hiru hilero kaleratzea. "Garbi genuen lehen alea abendua egin gura genuela. Bigarrena, martxo aldera egingo dugu. Gure asmoa da hiruhilabetekaria egitea. Ez dakiguna da, orri kopuru berbera izango duen beti. Lantzen ditugun gaien arabera, aldaketak egon daitezke", azaldu digu Arantzabalek.

Herria aberasteko ideiak

"Ibai-Arte erakundearen gaineko informazioa zabaldu gura dugu aldizkariarekin. Krisi garaian gaude eta merkatari txikien aldeko apustua egin daitekeela erakutsi nahi dugu. Ibai-Arteko merkatariok saldu egiten dugu, baina herria aberasteko askotariko ideiak ditugula erakutsi nahi dugu", esan digu Ibai-Arteko presidente Arantxa Arantzabalek. Herritarrekin hartu-eman zuzena izateko aldizkaria sortu dutela dio Arantzabalek: "Ibai-Arteko kideek kuota ordaintzen dugu hiru hilero, eta poltsan genuen diruarekin herritarrengana heltzeko aldizkaria sortzea erabaki genuen". Merkaritza eta zerbitzu bariko herririk ezin dela egon diote, ezta bezero eta herritar bariko merkataritzarik. "Herria bizirik mantendu behar dugu, eta hori indartzeko egin dugu aldizkaria; alegia, gure ideia, kezka, egitasmo eta ekintzak herritarren artean zabaltzeko. Bestalde, herritarren iradokizunak jaso aldizkarian lantzeko prest gaude". Herritarren kritikak "begi onez" hartuko dituztela esan digute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.