Arrakasta, Zerrajerako jolasparke berriak

Ubane Madera 2009ko uztailaren 8a

Arrasateko neska-mutikoek badute herrian beste jolas parke bat: Zerrajerakoa. Gaur (eguaztena) zen hura estreinatzeko egun ofiziala eta badirudi asko horren zain zeudela, parkean zegoen gaztetxo kopurua ikusita.

Santa Barbarakoaren antzerakoa da Zerrajerako parke berria. Besteak beste, Arrasaterekin zerikusia duten elementuak ditu-eta; “adibidez, Zerrajerako giltzen marrazkiak sartu dituzte lurrean eta hainbat zaburutan”, azaldu du Moises Altunak, Obra eta Zerbitzu Saileko teknikari-buruak. 

Gune irisgarria

Hark kontatu du, baita ere, parke “handi samarra” dela Zerrajerakoa. Bi gune ditu: bata irisgarria (edozeinek erabili ahal izango du, baina egokituta izango da zailtasunak dituzten umeendako); eta bestea 7-13 urte bitartekoendako gunea.

Gune irisgarriak ditu, besteak beste, kulunka bat eta ibilbide handi bat. Eta ibilbide horrek ditu, besteak beste, etxetxoak eta txirrista tutuarekin. Gune arruntak, berriz,ditu, besteak beste, dorre handi bat (Santa Barbarakoaren antzekoa), tutuak eta kulunkak.

Hori guztia egiteko 87.000 euro inbertitu ditu Udalak.

Beste hiru parke

Bestalde, beste hiru parke ere eraikiko ditu Udalak Arrasaten: Bedoñan (berria, eliza parean, 2-8 urteko umeendako); Makatzenan (aparkalekuaren gainean, lehenago jolas-parkea zegoen lekuan; 4-12 urtekoendako); eta Uriben (orain dagoena aldatuko dute, 4-12 urte bitartekoendako). Ba Udaleko Obra eta Zerbitzu Sailetik kontatutakoaren arabera, horiek ere "aurki" ipiniko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak