Arizona Baby, perfekzioa basapiztia bilakatzen denean

Maider Arregi 2010ko urt. 24a, 18:34
Arizona, horixe da burura etortzen zaigun tokia eta hitza Arizona Baby taldearen hegoaldeko rock doinu psikodelikoa akustikoan entzuterakoan. Baina ez dira amerikarrak, jendearen harridurarako Valladolidekoak, 'Pucelakoak' dira. Amaia antzokiko hall-a gainezka.

Where the sun abesti itsaskorrarekin hasi zuten emanaldia iluntze freskoa gori-gori jarriz. Abeslariaren ahots urratu baina era berean erakargarri eta goxoak, berehala bereganatu zituen bertaratutakoak. Ordu betez, Amerika hegoaldeko mundu zirraragarrira eta True Blood saio bikaineko protagonistak izatera eraman gintuzten Arizona Baby taldeko mutilek. 

Eszenaratze bikaina

Erakargarritasuna, taula gainean dute Pucelakoek, eta ikusleekin feed back bikaina lortzen maisuak dira. Javi abeslaria oso gustura eta berriro Arrasatera etorriko direla aginduta, pozik azaldu zen jasotako erantzunarekin. "Ondarroako Tunnel 483 taldeari esker harreman oso polita daukagu Euskal Herriarekin. Egia esan ez genuen horrelako harrera bikaina espero eta gustura aritu gara. Lekuaren akustikoa ere paregabea da".
Ez zaie estilo bakar batean kokatzea gustatzen, baina Soundgarden edota Johnny Cash bezalako artista handien influentzia ukatu ezina da. "Gure lana bi hitzetan deskribatzea ez zaigu gustatzen, nortasun propioa izatea da nahi duguna; baina, talde eta testuinguru alternatiboen eragina nabarmena da gure lanean, ezkuta ezina".
Second to none bigarren lana aurkeztu zuten barikuan, baina, Songs to sing along lehen diskoko abestiak entzuteko aukera aparta izan zen. Shiralee edota Runawayren erritmoz ikuslea dantzan jarri zuten. Teknikoki perfekzioa bilatzen dute baina izpiritu bihurria azaleratzea ezin dute ezkutatu. "Oso teknikoak gara baina izpiritu punkia daukagu eszenatokian. Zuzenekoak maite ditugu eta dinamika bat oinarri, transmititzea da gure helburua". Arizonako mutilek existentzialismoa, gizakiaren fobia eta maitasunaz hitz egiten dute. "Abestia entzuten duen edonor identifikatuta sentitzea da gure ustez musikak daukan aspektu politenetako bat".
Devendra Banhart Kitch handia etengabe gogorarazten duen frontmanari galdetuta, barre egiten du eta beretzako hori entzutea lore bat dela aitortzen digu. "Devendra nire idoloa da, ikono bat da John Lenonenkin batera".

Lan berria prestatzen

Arizona Baby taldeko mutilek 2005ean kaleratu zuten Songs to sing along lehen lana. Diskoaren banaketa taldekideek egin zuten kontzertuetan. Hala, dagoeneko katalogotik kenduta dago eta ezinezkoa da lortzea. Horregatik, berriro editatu eta salgai jartzea da taldekideen helburua. Hori bai, lan berri bat kaleratzeko lanari ere ekingo diote. "Abestiak egiten hasiko gara eta konponketa gehiago izango duela aurreratu dezaket". Coen anaien jarraitzaile sutsuak Arrasatera itzuliko direla agindu digute. Orain, Arizona eta Mexikora joango dira lan berrirako inspirazio bila. Nahi duzuenera arte Arizona!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak