Arizmendiko hiru ikasleren bideo lana, sarituta

Edu Mendibil 2010eko martxoaren 16a

Arizmendi Ikastolako Gaztelupeko hiru ikaslek saria lortu dute 'Eskubideak eta betebeharrak' kanpainaren baitan antolatutako lehiaketan. Aintzane Rodriguez, Alaitz Martinez eta Ainhoa Errasti DBHko 4. mailako ikasleak izan dira irabazleak 'Ezin dut' izenburuko bideoari esker. Mugikorraz grabatutako 60 segundoko lana, eskola jazarpenari buruzkoa da saritutako lana.

Azaroaren 20an, Haurren Eskubideen Konben-tzioaren 20. urteurrenean, Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen Eskubideak eta betebeharrak kanpaina. Esan bezala, kanpaina horren baitan, integrazioari eta eskola jazarpenari buruzko egoerak salatzeko lehiaketa antolatu zuten. Telefono mugikorraz grabatutako 60 segundoko bideo laburra egin behar zuten lehiakideek, eta Arizmendi Ikastolako Gaztelupeko hainbat ikasle animatu ziren parte hartzera.

Aintzane Rodriguez, Alaitz Martinez eta Ainhoa Errasti DBHko 4. mailako ikasleak izan dira irabazleak Ezin dut izenburuko bideoari esker.

Ikasle horiek badute horrelako lanetan eskarmenturik, izan ere, Arizmendi Ikastolak iaz lehenengoz antolatu zuen BHKlip bideo-lehiaketan ere irabazleak izan genituen-eta, Kipulandia bideoarekin.

Sari banaketa ekitaldia gaur, martitzena, egingo dute, Arizmendi Ikastolako Arimazubi gunean, eguerdiko 12:00etan. Beste sari bat ere banatuko dute, gutunarena; Aretxabaletako Kurtzeberri ikastetxeko ikasle batek irabazi du sari hori. Sariak banatzera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-berrikuntzako zuzendari Maria Luisa Garcia Gurrutxaga, Giza-eskubideen zuzendari Ines Ibañez de Maeztu eta Haurren eta Familien zuzendari Maria Dolores Garcia etorriko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak