Arizmendi Dragons taldeak ipar zonako finala jokatuko du gaur, Iturripen

Xabier Urtzelai 2009ko otsailaren 27a

Gaur, egubakoitza, Arizmendi Dragons eta Loiolako San Inazio taldeek Series Colegiales txapelketako ipar zonako finala jokatuko dute, Iturripen (17:30). Horraino iristeko bi talde horiek bide luzea egin dute, eta kanporaketa asko gainditu. Hala, gaur nagusitzen den taldea apirileko lehen asteburuan Madrilen jokatuko duten Lauko Final handirako sailkatuko da.

Arizmendiko mutilek bide luzea egin dute gaurko finalera sailkatu ahal izateko. Hasteko, Series Colegiales barruan TAU Baskoniak antolatutako txapelketan nagusitu ziren, eta ondoren Zaragozaraino joan ziren –orain dela bi aste–, hango ordezkari Escolapiosen kontra jokatzera (71-72).

Zaragozan final estua jokatu zuten, eta harmailetako zaleak Escolapiosen alde bazeuden ere, presioa gaindituta Amianoren eta Gabilondoren mutilek –Aitor Rebalo, Martxel Balantzategi, Julen Kortabarria, Ander Atxa, Iker Barbero, Gorka Arejolaleiba, Iñigo Merino eta Jon Altube– ipar zonako finalera sailkatzea lortu zuten.

Oraingoan, baina, Arizmendikoek etxeko zaleen aurrean jokatuko dute, izan ere, Arizmendikoen asmoa da gaur Iturripeko harmailak jendez betetzea: "Zaragozan 700 zale izan ziren harmailetan, eta gure asmoa da kopuru hori handitzea. Horretarako, ipar zonako finalaren aurretik LH eta DBH mailetako ikasleendako saskibaloi partiduak antolatuko ditugu, motorrak berotzen joateko", adierazi du taldeko entrenatzaile Urtzi Amianok.

Ointxe!-rekin elkarlanean
Arizmendikoak Madrilerako finalera sailkatzea "sari galanta" izango litzateke: "Alde horretatik, eskerrak eman behar dizkiegu Ointxe! klubekoei, gazte hauek saskibaloian ondo egiten badute neurri handian Ointxe!-koek egin duten lanagatik delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak