Arizmendi Dragons Madrilgo lauko finalerako sailkatu da

Xabier Urtzelai 2009ko ots. 27a, 21:19
Arizmendi Dragons saskibaloi taldeak lortu du ametsa egia bilakatzea, Series Colegiales estatuko txapelketako finalerako sailkatzea. Iturripeko kantxa beteta zela, Amianoren eta Gabilondoren mutilek 76-73 mendean hartu dute Loiolako San Inazio.

Arizmendi Dragons taldeak beste aurrerapauso bat egin du Series Colegiales txapelketan, oraingoan galanta, Lauko Finalean egoteko azken pausoa eman dutelako. Iturripen batu diren saskibaloi zaleek –aspaldi ez zuen kantxa horrek itxura hori erakusten– bultzada galanta eman diote Ointxeko ordezkari den taldeari, garaipeneraino. Hala, apirilaren 4ko asteburuan izango dute hurrengo hitzordua, azkena, Madrilen.

 

Hasiera trabatua

 

Partiduko lehenengo minutuak ez dira onak izan, ez Arizmendirendako ezta Loiolako taldearendako ere. Jaurtiketetan ohi baino kale gehiago eginez, Arizmendikoak izan dira punteria zuzendu eta markagailuan aurreratu direnak. Bigarren laurdena, baina, etxekoendako txarra izan da, Loiolakoek hiruko jaurtiketetan abilezia galanta erakutsi dutelako, eta Arizmendikoak, berriz, nahastu egin direlako jokaldi bakoitzean. Hala ere, nahiz eta markagailuan atzetik joan eutsi egin diote aldeari, eta kanpotarrek ezin izan dute alde nabarmenik eskuratu. Hirugarren laurdenean kanpotarrek jarraitu dute aurretik, baina etxekoak betiere gertu. Eta, laugarren laurdena telebistan grabatzekoa modukoa izan da. Zaleen bultzada igarri egin dute jokalariek, nekea alde batera utzi eta urduritasun handiko minutuak izan dira. Azken bi minutuetan, baina, Arizmendik 6 puntuko aldea eskuratu du, eta hori defendatzen ahalegindu dira. Hirukoa egin du Loiolako taldeak –ze erraz egiten zituzten sakiratzeak– eta izan dute partidua berdintzeko aukera ere (76-73), baina baloiak uztaian jo eta Arrasatekoena izan da errebotea.

 

Astelehenean, Asteleheneko Goienkaria-n izango duzue informazio gehiago, eta GOITBko Harmailatik

saioak tarte berezia eskainiko du Arizmendi Dragons-en eta Loiolaren arteko finalari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak