Argindarra eta beste falta dira Aprencices-en atzeko urbanizazioan

Ubane Madera 2010ko urt. 18a, 17:13
Tentazioa handia da, eta asko jausi egin dira: ospitalera edo anbulatoriora joatean, Aprendices Eskolaren atzeko partean automobila aparkatuta utzi, nahiz eta ikusi obrak bukatu barik daudela. Izan ere, eta bestelakoen artean, oraindik argindarrik ez dauka gune berri hark.

"Iberdrolak inguru hartarako transformazio zentro berria egin du, baina ez du martxan jarri. Horrek esan gura du, besteak beste, ez dagoela argiteria publikorik. Eta argindarrik ez dagoen artean, ez dugu kalerik zabaldu behar. Adibidez, gure kasuan, han ipini dituzten lur-azpiko edukiontziak probatu ere ezin ditugu egin", kontatu dute Hirigintza Saileko ordezkariek.

Ezin da automobilarekin sartu

Hori horrela, eta Iberdrolak transformazio zentroa abiarazi arte, San Andrestik Zerrajera ingurura sartuz gero, ezin da automobilarekin Saiolan eraikinetik aurrera pasa eta ospitale-guneraino iritsi. Eta jakina, ezin da, ezta ere, Zerrajerako etxeetako sarrera aprobetxatu inguru hartara automobilez sartzeko.

Bidegorria ere, itxita

Egoera berean daude urbanizazio horretako jolasguneak eta bidegorria. Azken hori, gainera, hesituta dago, "baina bidegorriko hesia zabal-zabalik egon da", kontatu dute Udaletik. Bada, bidegorriaren gainean urbanizazioa egiten dabilen Obegisa enpresan galdetuta, erantzun dute "bidegorriaren babes-hesi bat ipintzea falta" dela, beraz, hor beste inon baino gehiago ezin dela sartu, arriskutsu gerta daitekeelako.

Apirilaren 24ra arte

Obegisa enpresatik, urbanizazio lanak egiten diharduen enpresatik gogora ekarri dute obra hori bukatzeko epea apirilaren 24a dela, beraz, epe barruan dabiltzala. Edozelan ere, eurek duten aurreikuspena da "hilabetea bukatu aurretik edo asko jota otsailaren erdialde ingururako" bukatzea. "Hortik aurrerako guztia Iberdrolaren esku dago", azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak