Aretxabaletarrak nagusitu dira Arrasate Hiria txapelketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko ira. 7a, 22:37
UDAk hasieratik egin zituen lanak ondo eta Aloña Mendi hartu zuen mendean, Mondra ere ez zen titulua defendatzeko gauza izan.

Liga hasi aurreko azken torneoa zuten Mondrak, UDAk eta Aloña Mendik. Aretxabaletarrak nagusitu dira aurten Arrasate Hiria futbol txapelketan. Lehenengo norgehiagoka Aloña Mendiren aurka jokatzea egokitu zaio Aretxabaletako taldeari eta UDAkoek 1-0 hartu zituzten mendean Josu Zubiaren mutilak. 
Bigarren partiduan Aloña Mendi eta Mondra izan dira aurrez aurre. Ez da golik ikusteko aukerarik izan. Penaltien txandan, hori bai, txantxikuek lau gol egin zituzten eta Mondrak hiru.
Hirugarren norgehiagokak UDA eta Mondra ipini ditu aurrez aurre. Zelai erdiko jokoa izan da gehienbat. UDAk pare bat aukera izan ditu partidu amaieran, baina gauzatzeko zorterik ez eta norgehiagoka hori golik gabe amaitu da. Golik egon ezean Aretxabaletarrak nagusitu dira aurten Arrasate Hiria txapelketan.

Pozik garaipenarekin

Igor Arenaza gustura agertu da lortutako emaitzarekin. "Torneoa irabaztearekin baino egindako lanarekin nago gustura", adierazi du. "Lan handia egiten ari gara, eta uste dut emaitza hau lan horren fruitua dela". Arrasate Hiria moduko txapelketak entrenamendu moduan hartzen dituztela esan du Arenazak. "Ondo etortzen dira egindako lana ikusteko eta gainerako taldeen maila ikusteko".
Hastear den denboraldi berrirako helburuen inguruan galdetuta Arenazak partiduz partidu joateko asmoa dutela agertu du. "Aurreko urtearekin alderatuta aldaketak egin ditugu eta emaitzak ikustea espero dut. Gauzak uste moduan irteten badira goiko taldeen artean egon beharko genuke".

Futbolaren festa

Bailarako preferente mailako taldeen festa izan da Arrasate Hiria txapelketa. Mondraren, UDAren eta Aloña Mendiren zaleak Mojategin batu dira, baita entrenatzaileak eta presidenteak ere. Datorren aste bukaeran hasiko dute liga txapelketa.
Arrasate Hiria torneoan arerio izan dituen taldeen gainean honakoak esan ditu Arenazak. "Aloña Mendik jokalari gazte asko ditu aurten. Badakigu Mondrak jokalari onak dituela eta ondo indartu dela. Ikusiko dugu liga txapelketak aurten zer ematen duen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak