Aretxabaletak ezin hobeto amaitu du urtea, Mondra 1-2 mendean hartuta

Xabier Urtzelai 2008ko abe. 25a, 02:56
Mondraren eta Aretxabaletaren arteko derbiak izoztuta utzi ditu Arrasateko zaleak, UDAko jokalari Arkaitz Garaik azken minutuetan egin duelako garaipenaren gola, faltaz. Lehenengo zatia Mondrak hasi du agintzen, eta UDAk amaitu. Eta bigarren zatian ere gauzak bide beretik joan dira, baina aretxabaletarrak argiago ibili dira ate aurrean.

Mondra: Ander Ruiz, Amutxastegi, Loiti, Oier (Iker Cabrera, 83.minutuan), Laspiur, Merkader (Arazkonaga, 6. Minutuan), Bereziartua, Ekain, Muruamendiaraz, Julen Heriz (Pavon, 39.minutuan), Aranbarri (Arando, 65.minutuan). 

Aretxabaleta: Asier, Raul, Alain, Ruben, Astola, Gotzon, Iñaki (Orueta, 54.minutuan), Igartua, Agirre (Imanol, 70.minutuan), Eriko (Iturbe, 89. Minutuan), Garai.


Laurogehita bost minutu batera eta bestera erasoan ibili eta gero, Aretxabaletak azken minutuetan irabazi du derbia, Mondrak horrela onartuta. Eta onartuta diogu, Arrasateko taldeak minutu gutxi batzuk lehenago esku-eskura izan duelako garaipenaren gola. Muruak jasotako pase luze baten ondoren, Arrasateko aurrelariak Cabrera bakarrik zegoela ikusi, pase ona eman eta atezainaren aurrean bakarrik zegoenean ez du azken jaurtiketan asmatu –Arrasateko jokalari gaztea Gabonetan behin baino gehiagotan gogoratuko da jokaldi horretaz–. Hala, UDAko atezain Asierrek intentzioa igarri eta gelditu erabakigarria egin dio Cabrerari, harmailetako zale arrasatearren atsekaberako. Une horretan markagailuak 1-1 erakusten zuen, eta Mondra zen gehien estutzen zebilen taldea. Hala, bi taldeek norgehiagokako kontrola erabat galduta, hurrengo jokaldian Aretxabaletak urrea eskuratu du Ander Ruiz de Azua atezainak egindako huts batean –ordura arte partidu oso txukuna egiten zebilen Ruiz de Azua–. Luze ateratzea gura zuenean, behar baino gehiago aurreratu eta sakea egiteko areatik irtenda epaileak falta adierazi dio. Areako marratxoaren gain-gainean atera du Garaik falta; jaurtiketa indartsua, barrura (1-2).

Hasiera parekatua

Aretxabaletak eskuratu du garaipena, ate aurrean argiagoak izan direlako, ez futbol hobea egin dutelako. Merezimenduz, talde banak puntu bat etxera eraman izan balu, denak pozik. Baina, aspaldi honetan UDA hasita dago sinisten aurten zerbait garrantzitsua egiteko gauza direla, eta emaitzak aldeko izateko, askotan ez da gehiago behar.

Partiduko lehenengo minutuetan Mondra ahalegindu da etxean nor dabilen jokatzen erakusten. Aipatzekoa Arrasateko hasierako hamaikakoa, denak Arrasateko harrobiko jokalariak. Baina, lehenengo 45 minutu horietan Azkargortari nahi baino gehiago okertu zaizkio gauzak, Kepa Mercaderrek (8. Minutuan) eta Julen Herizek (39. Minutuan) min hartu dutelako. Hori gutxi balitz, UDA izan da markagailuan lehena aurreratzen, korner baten ondoren Astolak buruz baloia saretara botata (0-1).

Bigarrenean Mondraren berdinketa

Bigarren zatiaren hasieran, lehenengoaren antzera, Mondra ahalegindu da berdinketa lortzeko UDA estutzen. Arrasatearren gola, baina, zorte txarreko jokaldi batean etorri da, Astolak baloia area barruan eskuarekin ukituta. Jokaldi horretan Astolak ez du baloia urruntzeko keinurik egin, eta ez zen jokaldi arriskutsua. Baina, baloiak ergi eman dio eskuan, eta epaileek horrelakoak gutxitan adierazten badituzte ere, penaltia. Muruak ez dio inongo aukerarik eman Asierri jaurtiketa geratzeko (1-1). 

Orduan, baina, hazi egin beharrean Arrasatekoek pauso bi egin dituzte atzera, eta Aretxabaletakoen aukerak etorri dira. Ordurako zelaian zegoen Imanol Rodriguez UDAko jokalaria birritan erori da area barrura. Bigarrenean bere burua bota du, baina lehenengo jokaldian epaileak argi ikusi behar izan du jokaldia penaltia ez adierazteko, bultzakada garbi ikusi delako. Ondoren etorri dira gorago aipatutako jokaldi erabakigarriak, eta UDAren 1-2koa. Bi taldeetako jokalariek aldarte erabat ezberdinarekin hartu dituzte Gabonetako oporrak.

Preferenteko sailkapena, hemen

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak