Arduratsu kontsumitzeko deia egin du Udalak

Ubane Madera 2007ko abe. 17a, 10:39
Gabon garaian gauden honetan, kontsumo gehiegikeria gertatzen da gehienon artean. Bada, errealitate horren gaineko hausnarketa bultzatu gura du Arrasateko Udalak: "Herritarrok kontsumoaren eraginari buruzko hausnarketa eragitea da helburua. Baliabide naturalen kontsumoa, plastiko eta paperen kontsumoa, alferrikako opariak, gehiegizko afariak, energiaren kontsumoa" eta halakoen gainekoa. Labur esanda, kontsumo arduratsua bultzatu gura du Udalak.

Eta kontzientziazio hori bultzatzeko, hainbat ekintza antolatzea onartu du joan den asteko Tokiko Gobernu Batzarrak. Ekintza horiek egingo dituzte aste honetan, eguaztenean eta eguenean, hain justu, arratsalde partean, bostetan hasi eta zortziak bitartean. Hitzordu hori egin dute Seber Altube plazan.

'Birziklatutako' zuhaitza

Honako jarduerak egingo dituzte:

  • Gabonetako zuhaitz berezi bat ipiniko dute; izan ere, egurrezko enbor bat jantziko dute birziklatutako elementuekin, etxetik ekarritako materialarekin. Ekimen horretan parte hartzen dutenen artean eta materiala eramaten dutenen artean erosketak egiteko oihalezko poltsak banatuko dituzte. Halaber, etxeetako zuhaitzak apaintzeko aholkuekin orritxo bat ere banatuko dute.
  • Horrekin batera, merkataritza alternatiboaren gaineko informazioa banatuko dute eta baita produktu ekologikoak eta bertako produktuak ekoizten dituztenen gainekoa ere; Harreman eta Emaus elkarteek parte hartuko dute, besteak beste. 
  • Bestalde, Ekologistak Martxan elkarteak kontsumoari buruzko erakusketa ipiniko du. Eta horrekin guztiarekin batera, bestelakoen artean, energia aurrezteko aholkuak eta Gabonetako erosketa eta kontsumoari buruzko aholkuak emango dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak