"Ardoa, garagardoa eta pintxo guztiak amaitzea espero dugu; seinale ona litzateke"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko ots. 26a, 17:27
Eguenero hain arrakastatsua den pintxo poteoa bihar ere izango dugu. Biharkoa, baina, berezia izango da, jasotzen den dirua Haitiko kaltetuei zuzenduko zaie-eta. Arrasate Bizirik ostalaritza elkarteak eta Harreman erakundeak antolatu dute elkartasun jaia. Gu Arrasate Bizirik taldeko Juan Carlos Davilarekin egon gara ekimenaren berri eman diezagun.

Kontaiguzu zer egongo den bihar Biteri plazan.
Harreman gobernuz kanpoko erakundearekin batera pintxo poteoa antolatu dugu Haitiren alde. Hala, bihar barra bat jarriko dugu Biteri plazan, 18:00etatik 22:00etara. Bertan ardo ondua edo garagardoa eta pintxoa euro baten truke jarriko dugu.
Barraz gain, umeendako puzgarriak ere egongo dira. Azkenik, musikarik ez da faltako.

Nondik sortu da ekimen berezi horren ideia?
Arrasate Bizirik elkarteko kideok Haitiko hondamendiaren ostean bilera bat egin genuenean, elkartasun ekimen bat abiaraztea pentsatu genuen. Hau da, gure aukeren barruan, laguntza bat ematea erabaki genuen. Buelta batzuk eman ostean, laguntzeko modua gure eskuetan genuela ohartu ginen; hau da, pintxo poteoa. Denok ezagutzen dugu pintxo poteoa, arrasatear asko erakartzen duen ekimena da.

Nolako parte-hartzea espero duzue?
Jende asko agertzea espero dugu, hori gura dugu. Biteriko plazan jasotzen den diru guztia Haitira bidaliko da, eta horrez gain Arrasate Bizirik elkarteko tabernetan botila bakoitzeko euro bat zuzenduko da herrialde kaltetura. Eta ez hori bakarrik, tabernariek ere ekimenarekin bat egin dute, eta 2009ko botea –bazkari baterako-edo zuzentzen dena– Haitira bidaliko da.
Beraz, ardoa, garagardoa eta pintxo guztiak amaitzea espero dugu, seinale ona litzateke.

Eguraldiak laguntzen ez badu pentsatu duzue alternatibarik?
Espero dugu eguraldiak ere elkartasuna adierazi dezala. Eguraldi oso txarra egiten badu, bertan behera utzi beharko dugu, eta beste egun batean egin.


Hainbat elkarte eta enpresa; helburua, bat
Ardoa Bodegas Alkortak jarriko du, garagardoa Amstel-ek, txistorra Super BM-k eta ogia Eroskik. Bestalde, puzgarriak jartzea eta ekimena musikaz girotzea Aretxabaletako Erostegi enpresaren ardura izango da. Izanm ere, Davilak dioenez, "gurasoak haurrak gustura egon daitezkeen lekuetara joaten dira"; adin guztiei zuzendutako ekimena da, beraz. Azkenik, Biteri plazako barra Harreman Arrasateko gobernuz kanpoko erakundeak kudeatuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak