Jatekoak edana behar du esaeraren arabera, baita alderantziz edanak jatekoa askoren ustez. Tabernara joan eta tragoarekin batera zeinek ez du pintxo bat noiz edo noiz jaten? Bada, badirudi iluntzetan taberna batetik bestera trago bat edo beste hartzeko joera jaitsi egin dela eta horri aurre egin asmoz Arrasateko hainbat tabernarik egitasmo bat ipini dute abian: ardoa eta tapa euro baten truke. Bada, lehenengo eskaintza eguena pasa da eta ekimenean esku hartu duten hainbat tabernarik jakiranazi dutenez, harrera "aurreikusitakoa baino hobea izan da, oso ona". Hori azaldu dute, eguen arratsean tabernetan bildutako jendea eta giroa ezohikoak izan zirelako. "Helburua ez da txikiteoa bultzatzea, herrian giro apur bat sortzea eta jendea animatzea kalera
irtetera baizik.
Krisi garaian jendeak beldurra du. Egitea erabaki
duguna da urtarrileko eta otsaileko eguenetan, 18:00etatik 21:00etara kriantza ardo bat eta tapa bat euro baten truke eskaini hainbat tabernatan. Egitasmoak hala funtzionatzen jarraitzen badu, berdin jarraituko dugu edo beste eskaintza bat egin", esan digu Monte tabernako Juan Carlos Davilak.
KRIANTZA ARDOA
Eskaintzaren barruan ardo konkretu bat eskainiko dute. "Alkorta etxeko kriantza ardoa izango da urtarrilean eta datorren hilabeterako oraindik ez dugu erabaki mantenduko dugun edo aldatu egingo dugun", esan digu Juan Carlos Davilak. Jatekoa, berriz, taberna
bakoitzak aukeratu beharko du. "Gurean, esaterako, lehen eguenean urdaiazpiko kroketa ipini dugu eta hurrengoan urdaiazpikoa mozten aditua den pertsona bat ekarriko dugu tabernara urdaiazpiko tapa bezeroei eskaintzeko", dio Davilak.
Txoko tabernan lehen astean txistorra eskaini zuten eta, "hurrengoan aldatuko da seguru
aski baina ez dugu erabaki", dio Jose Inazio Altunak.
BESTE ESKAINTZA BATZUK
Urtarrilaren 8an, eguena, ipini zuten abian eskaintza, oraingoz, Hilarion, Amets, Lora, Dublin, Txoko, Hotel Mondragon eta Monte tabernetan. "Deia taberna guztietara zabaldu dugu eta beste tabernaren batek ekimenarekin bat egin nahi badu gurekin harremanetan jar daiteke", azaldu digu Juan Carlos Davilak. Izan da ideia asko gustatu ez
asmoarekin bat egin ez duen tabernaririk ere. Itzala tabernako Potiren esanetan, "ez zitzaigun ideia ona iruditu bezero asko diskriminatzen delako eskaintza ardoarekin
bakarrik eginez, are gehiago ez zaio aukera ematen ardoa aukeratzeko".
Hala ere, erabaki dute bestelako eskaintzak egitea. "Eguenean, esaterako, edari guztietan
%20ko deskontua egin genuen eta erabaki gabe dugun arren baditugu ideiak hurrengoetarako: tapa doan ematea, opariak… izan daitezke aukerak".
Eskaintza abian da eta tabernarien esanetan erantzun ezinhobea izan du gainera, eta aurrerantzean ere bueltatuko omen dira. Hortaz, on egin diezaiela
janak eta kalterik ez edanak.