Arbolapetako indiar gaztainondoaren adarrak mozteko proposamena

Ubane Madera 2008ko urr. 20a, 12:04
Gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean aurreikusita dituzten gaien artean, joan den urtean protagonista izan zen Arbolapetako indiar gaztainondoa berbagai izango dute gobernuko kideek, zuhaitz horren adaburua mozteko proposamena aztertu beharko dute-eta.

Esan beharrik ez dago Arbolapetako gaztainondoaren egoera ez dela oso osasuntsua, bere itxurak erakusten duen moduan. Zaharra da zuhaitza eta igartzen zaio hori, bereziki, azkenaldi honetan goi parteko adarretan. Sikatuta dauzka, eta haize boladaren batek botatzeko arriskuan dago adaburu hori.

Antzerako egoeran dago Monterrongo sarreran dagoen indiar gaztainondoa. Are gehiago, Monterrongoaren kasuan, egun asko ez dela, haren adar bat bota egin zuen haizeak.

Hori horrela, eta arriskua saiheste aldera, goiko adar horiek kentzea proposatu dio gobernuari Zerbitzu Sailak. Gaur onespena ematen badiote proposamenari, lan hori egiteko eskaintzak eskatuko dituzte, eta gero hasiko dituzte inausketa lanak egiten. Ahalik eta lasterren egin gura dute guztia.

Bestalde, Arbolapetan beste bizpahiru zuhaitz landatzeko proposamena ere egin du Zerbitzu Sailak. Gaztainondoaren egoera ikusita, plaza hori apurtxo bat gehiago janztea da helburua.

Laubide eta Garibai

Eta bestelako gaien artean, aipagarria da gaurko gobernu batzarrak aparkaleku kontuak berbagai izango dituela. Hain justu, Laubideko eta Garibaiko aparkalekuak ustiatzeko emakida edo adjudikazioaren egoeraren jarraipena egingo dute.

San Josepe harrobiaren kontuak ere landuko dituzte, izan ere, EB-Zutik koalizioak harrobi hori ustiatzen duen enpresari leherketak egiteko emandako baimenaren gainean hainbat idatzi aurkeztuko ditu.

Bestelako gairen bat aipatzearren, 2008-2009 hezkuntza jardueraren eta zerbitzuen udal liburua argitaratzeko proposamena aztertuko dute eta hezkuntza kontuekin segituz, aurtengo ikasturterako bide hezkuntzaren programazioa onartzea ere aztertuko dute.

Hori guztia eta gehiago landuko dute udal gobernuko kideek, 15:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak