Arazo berririk ezean, 2010eko udarako zabalik egongo da Mendebaldeko saihesbidea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mai. 13a, 18:37
Aspalditik datorren proiektua da Arrasateko Mendebaldeko saihesbidearena, eta hainbat arrasatearrengan interesa piztu duen obra da. Bada, azken orduko arazoren batek atzerapen berezirik sortu ezean, datorren urteko uztaila aldean zabalduko dute. Hala, Aretxabaletatik Aramaiora joateko ez da Arrasatera sartu beharko.

2008ko uztailean hasi ziren  lanak. Saihesbideak bi kilometro eskas –2014 metro– izango ditu luzeran, baina herriko trafikoa nabarmen arinduko du. Aldundiak obra egiteko beharra ikusi zuen, eta Oskar Rekalde Aldundiko Errepide saileko prentsa arduradunak jakinarazi duenez, "tamaina handiko arazoari, tamaina handiko irtenbidea eman diogu". Aurrekontua ikusi besterik ez dago: 40 milioi euro bi kilometro eskas izango dituen saihesbidea egiteko.


Tunela, zailtasun handiena
Hainbat elementu jasotzen ditu proiektuak: iparraldeko sarbidean, Aramaio errekaren gainetik doan zubia eta Markuleten eta Mugarrin egingo dituzten biribilguneak, besteak beste. Hala ere, Olandixoko tunela da saihesbidea egiteko zailtasun handiena, zalantza barik. Hori ez da berria, izan ere, Rekaldek jakinarazi duenez, "tunelak izaten dira halako obren zailtasun nagusiak". Olandixoko tunela egitea bereziki zaila izan da inguruko lurra oso ezegonkorra delako. 800 metroko luzera izango du tunelak eta Aldundiak, eskualde mailako errepidea izango dela kontuan hartuz, ahalegin berezia egin du obra horretan.
Izan ere, autopista bat egiteko baliabideak eta aurrekontua eskaini zaio tunelari. Rekaldek gaineratu duenez, "halako obra batentzat hainbeste bitarteko erabiltzea ez da batere ohikoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak