Aralarrek mozioaren emendakina aurkeztuko du datorren egueneko plenoan

Jon Berezibar 2008ko api. 17a, 17:27
Hala konfirmatu du Joxe Etxeberria berak: zuzenketa mozioa aurkeztuko dutela. Aralarreko zinegotziak azaldu duenez, EAJ eta PSE-EEk elkarrekin adostutako testuak konbentzitu ez baina eurek ere "kargudun publikoek" bete beharreko gutxieneko baldintza etikoak" eskatuko dituzte egueneko plenoan. Horren jarraian, berehala argitu du eurek ez dutela "inola ere" zentsura moziorik babestuko. Jeltzale eta sozialistek adostutako testuari dagokionez, argitu du bigarren puntua zuzenketa batzuekin onartuko lukeela – ETA gaitzestea – "beste gaitzespenik ere" badela zehaztuta, baina inolaz ere ez, hirugarrena, hau da, dimisioaren eskaera. Aralarrekoarekin beraz hiru izango dira eguenean aurkeztuko dituzten mozioak (PPk ere aurkeztuko du).

Aralarren testuari dagokionez, honako zehaztasun hauek egiten dituzte EAJ eta PSE-EEren mozioaren gainean, gaur goizean Jon Abril alderdiko koordinatzaileordeak azaldu moduan:

 

  • Lehendabiziko puntua guztiz onargarria iruditzen zaigu. Giza eskubideen defentsa irmoa egiten dugu, eta ideia eta proiektu guztien aldeko aldarria egiten duen neurrian, erabat babesten dugu. Ideia guztiak, proiektu guztiak, pertsona guztiak aldarria ozen egiten dugu.
  • Bigarren puntua onargarria izan badaiteke ere, uste dugu Euskal Herriko gatazka politikoan giza eskubideen urraketa ez dela soilik ETArengandik egiten. Asko dira adibideak eta izandako urraketak. Horregatik, urraketa guztien aurka jarrera bera behar dela deritzogu, eta ez da hori gertatzen gainerako alderdi politikoengan. Horregatik, dagoen testua motz geratzen zaigu, eta kritika hori giza eskubideak urratzen dituen edozeinengan zabaltzeko eskaria egingo dugu.
  • Hirugarren puntua guztiz onartezina deritzogu. Hauteskundeean hautatuak izan ziren zinegotzien eskubidea da gobernu taldeak osatzea, eta gainerako hautetsiek ez dugu inolako zilegitasunik inoren dimisioa eskatzeko. Edonola ere, Arrasateko alkateak Isaias Carrasco hil zutenean izandako jarrera txartzat jotzen dugu, eta hori nabarmenduko dugu gure emendakinean.

Horrela, Arralarrek aurkeztuko duen emendakinean gutxieneko baldintza etikoei dagokienez, lirateke zehaztapenak:

 

  • Bortizkeria ororen aurrean gure gaitzespena agertzen dugu, ez diolako inolako ekarpenik egiten herri honi, sufrimendua areagotu baino, eta Euskal Herriko gatazka konpontzeko zailtasunak eragiten ditu.
  • ETAri zein Espainiako eta Frantziako Gobernuei eskatzen diegu beharrezkoak diren urratsak eman ditzaten errepresioa eta bortizkeria gainditzeko.
  • Bortizkeria era guztietako kaltetuei gure elkartasuna agertzen diegu.
  • Sentsibilitate politiko guztietako herritarrentzat lan egiteko konpromisoa berresten du udal gobernu honek, eta herritar guztiek euren ideiak agertzeko eta horien arabera jokatzeko eskubidea aitortzen dugu, inolako bortxakeririk eta mehatxurik gabe jardun ahal dezaten."

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak