Apirilaren 6an hasiko dira Ferreriasko plazako obrak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko mar. 31a, 12:14

Erdiko kaleak eta Ferreriasek beste lotune bat izango dute laster. Izan ere, alde zaharreko bi kaleen artean plazatxo bat egingo dute, Casino elkarte gastronomikoaren orube zaharrean, hain justu. Plazatxo bat egokitzeaz gain bi kaleak maila berean jarriko dituzte, egun dagoen 1,30 metroko altuera tartea gaindituz.

Ferreriasko plazaren proiektua aspalditik dator, eta Pazko astean hasiko dira lanekin. Hain zuzen ere, apirilaren 6an sinatuko dituzte obrak hasteko aktak. Obraren zuzendaritza Asmatu S.L. enpresaren ardura izango da eta Udalak Construcciones Etxaide S.A. enpresari esleitu zion obra. Printzipioz lau hilabete epea zehatu du Udalak lanak amaitzeko; proiektuaren aurrekontua 178.537 eurokoa da.

Pasabide samurra
Plazatxoak 300 metro koadro inguru izango ditu, eta 18 metro inguruko zabalera. Plaza egungo orubearen erdialdean egokituko dute eta Udaleko Hirigintza Saileko teknikari Olaia Etxenagusiak jakinarazi duenez, alboetan berdegune txiki batzuk jarriko dituzte. Horretarako Kuku izeneko dendaren biltegia zena bota egin beharko dute. Hala ere, obraren alde garrantzitsuena da bi kaleak lotzeko pasabide "samurra" jarriko dutela. Irisgarritasuna bermatuz, arrapala baten bitartez eta eskailerak tartekatuz,  pasabide erraza jarriko dute.
Materialari dagokionez, harria, harlauzak eta egurra erabiliko dute plazaren barruan. Azkenik, udal ekipamenduetarako bi eraikin egokitu gura ditu Udalak; hala ere, proiektu hori beranduago gauzatuko dela azaldu du Etxenagusiak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak