Aparteko paga kobratu edo ez erabakiko dute gaur Fagorrekoek

Ubane Madera 2008ko azaroaren 4a

Azken ordua (12:00): Egin dute bozketa Fagor Etxetresna elektrikoetako langileek. Egubakoitzean jakingo da aparteko paga kobratuko duten edo ez; orduan emango dituzte gaurko bozketako eta eguenean Basauriko lantegian egingo den bozketako emaitzak.

Goizeko hamarrak geroztik, Uarkapen batzartuta daude Fagor Etxetresna elektrikoetako langile mordoska, euren etorkizunarekin lotutako gaiak lantzen. Hain justu, bestelakoen artean, batzar horretan erabaki behar dute aurtengo Gabonetan aparteko paga kobratuko duten edo ez. 3.500 langile daude deituta batzarrera.

Eguenean, Basaurin

Gaur Arrasaten moduan, eguenean Fagor Etxetresna elektrikoetako Basauriko fabrikan dute hitzordua, hor ere aparteko pagaren gaineko erabakia hartzeko.

Ondorioak

Ez da hori krisi ekonomikoari aurre egiteko Fagor Etxetresnak enpresak hartu duen aurreneko erabakia. Fagor etxetresnak enpresak iaz baino %98 gutxiago irabazi zuela jakinarazi zuen abuztuan, eta lehen ondorioak eragin zituen emaitza horrek joan den hilean, urrian.

Hain justu, 150 lanpostu  kenduko dituela iragarri zuen, eta langileei bi irtenbide emango dizkiela: erretiro aurreratua edo Fagorretik atera eta Mondragon taldeko beste enpresa batean lanean hastea.  

Nazioarteko krisia eta horrek eragin duen kontsumo murrizketa aipatu zituen enpresak neurri horiek hartzeko emandako arrazoien artean. Hori dela eta, eskaerak asko jaitsi zaizkio azken hilabeteotan etxeko tresna elektronikoak egiten dituen taldeari. Horren adibide izan dira joan den abuztuan emandako datuak: iaz, lehen sei hilabeteetan 7,9 milioi euro irabazi zituen, eta aurten, epe berean 164.000 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak