"Aspaldiko kontua da, ospitalea bera egiteko obra baimena eman zenetik datorkigun arazoa. Etengabe esku artean dugun gaia da". Juan Antonio Urdangarin Arrasateko Udaleko Hirigintza Saileko arduradunaren hitzak dira, Debagoieneko ospitaleko aparkaleku arazoaren gainean. Izan ere, ospitalea bera altxatzeko obra baimena onartu zenean ez zen aparkaleku kopurua zehaztu eta Urdangarinek dio urteak pasa arren, ezin izan zaiola arazoari irtenbiderik eman.
Herritarren artean, bestalde, hamaika kexa eta kritika jaso ditu ospitale inguruan nagusi den aparkaleku gabeziak. Orain, gainera, ospitalea handitzen dihardute; lanak martxa onean doaz, eta 2010eko bigarren seihilekoan lanon lehen fasea amaitzea espero du Amenabar enpresak. Hau da, anbulatorioaren atzealdean doan eraikin berria egokituko dute lehen fase horretan. Bigarren fasean, gaur egungo eraikinaren atzeko zatia, eraikin zaharra, bota egingo dute eta han jarraituko dute eraikitzen. Eta hirugarren fasean, azkenik, eraikin berria egokituko dute. Beraz, aparkalekuen arazoak soluziobide bat behar du lanok amaitu aurretik.
Helburu bakarra, aparkalekuak
Udalak, Debagoieneko ospitaleko zuzendaritzarekin bildu ostean, 300 aparkaleku behar direla ondorioztatu du: 127 inguru eraikinaren barruan eta beste 100 ospitale aurrealdean egokitu den orubean. Horrez gain, ospitalearen handitzea ekarriko duen lehen bi faseen ondoren, beharrak %30 haziko direla aurreikusten du Udalak. Borobilduz, guztira 300 aparkaleku beharko lirateke. Eta Osakidetzak 120 aurreikusten ditu. Ikuspuntu ezberdinen aurrean "argi dago" zer egin behar den, Urdangarinen ustez: "Bi ikuspuntuak bateratzen saiatu behar gara, arazoa konpontzeko akordio batera iristea da asmoa; finean, helburua aparkaleku gehiago lortzea da".
Hala, idatzi bat bidali zion Udalak Osakidetzari, eta hilabeteko epea eman zion arazoari irtenbide bat proposatzeko. Hori urtarril amaieran izan zen. Udala erantzunaren zain dago, horrenbeste buruhauste sortu dizkion arazoari irtenbide bat ematen hasteko.