Anariren intentsitateak jarlekuetan tinko eutsi gintuen

Iker Barandiaran 2010eko martxoaren 7a

Amaia Antzokian emanaldi bikaina eskaini zuen Anarik. Diskoz disko hazten joan den musikaria da bera; eta, bestalde, ezin da ukatu, alboan dituen musikariek ere zerikusia dutela kantuen soinu egokia lortu eta emaitza borobiltzerako orduan, itzelak dira-eta.

Bagenekien Amaia antzokian jende asko batuko zela, aurreneko lerroetan esandako moduan, gero eta zailagoa delako haren talentuari bizkarra ematea. Konposatzaile oso ona da, hitzak are eta hobeak; eta lortzen duen soinua itzela.
Gabonetan kaleratu zuen Irla izan diskoa izan zen emanaldiaren muina eta lan honek daukan intentsitatearekin jokatu zuten erabat.

Bidea eta denbora pieza eder eta pausatua; intentsitate handia eta sonoritate berezia daukan Zuhaitzena; Anariren berezko marka daukan Zure ertza (azkoitiarraren ohiko tenpo bereziarekin, giroa ia pintzekin helduta, apurtzeko mugan); Ruper Ordorikaren kantuen antzeko giroa lortzen duen Harriak melodikoa; garapen itzela daukan eta post-rockean murgiltzen den Isla ikaragarria; Ihia, Anariren kantutegian inoiz entzun dudan kantu rockeroena, Neil Youngen arima ere baduena; eta pieza ia akustikotik pieza orkestral eta bukaera noisya daukan Amua, zeharo harrapatu eta jarlekuetan itsatsita utzi gintuena.

'Zebra'-ko altxorrak ere

Horrez gain, baina, interpretatu zituzten, batez ere, musikari handiagoa bihurtu zuen Zebra lan aurrekariko perla batzuk ere: hala nola, Naufragoak, Aingura hegodunak, Zebra eta kontzertuei bukaera emateko erabiltzen duten Gu pieza eder bezain itsaskorra.

Laboari eta guri oparia
Aipatutako gauean, euren soinu teknikari Karlos Txap Osinagak ez zuen ohitura duen moduan azken pieza hori eurekin abestu, baina Anarik (eta taldeak) kantu horren bukaera Mikel Laboaren Antzinako bihotz abestiarekin lotu zuen, eta entzule asko eta asko hunkitu egin zituzten.

Musikari itzelak, poesia landua eta, artifizio barik, gertuko bihotzak eta arimak ukitzen dakiena, eta gutxitik gehiagora doazen pieza intentso bezain zirraragarriak. Itzela!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak