Ana Mourak jakin zuen fadoaren esentzia helarazten

Miren Arregi Amasorrain 2008ko azaroaren 9a

Portugaleko musika tradizionala entzuteko aukera egon zen Arrasateko Amaia Antzokian zapatu iluntzean. Ana Mourak, lan ederra egin zuen eta ikusleak aho zabalik utzi zituen bere ahots indartsua zer helarazteko gai den ikusita.

Portugaleko musikaren espresiorik ezagunena da Fadoa. Fadoak, bizitzako une gogorrak abestearen artearen bitartez espresatzen ditu. Nostalgia, malenkonia, tristura, frustrazioa edota fatalismoa bezalako sentimenduek, fadoa bere adierazgarritasunik gorenenera eroaten dute.
Sentimendu horiek guztiak erraz atzeman zitezkeen zapatu iluntzean Arrasateko Amaia Antzokian Ana Moura fado abeslari ezagunak eskaini zuen kontzertuan. Aretoa erdi beteta eta oraindik garaiz iristearen bertuteak bere egin ez dituen herritarrak sartzen ari zirela, Ana Moura fado abeslariaren dotoreziak eta haren ahots ikaragarri  bezain hunkigarriak aretoa bete zuten, bi gitarra klasikoren eta Portugaleko gitarra baten ezinbesteko laguntzaz.
Lehen hitzak euskaraz egin zituen Ana Mourak: "Eskerrikasko" garbi batekin hasi zuen saioa. Baina ez zen hor amaitu euskaraz mintzatzeko ahalegina, izan ere, bukaera aldera, "gabon" hitza baliatuz, kantuan ipini zituen bertaratutakoak. Horrekin, oraindik norbait dudan bazegoen, erabat poltsikoratu zuen Amaia Antzokian bildutako publikoa.

Fadoak, patua oinarri
Fadoak, patua adierazten duen latinezko fas, fatum hitzean du  jatorria. Jatorri ilun horretatik abiatuta, Ana Mourak abestu zuen ezinezko maitasunaz, maitasun bukatuaz, patuaz, malenkoniaz... baina eskaini zituen baita ere abesti itxaropentsuak, alaiak eta etorkizun hobe baten esperoa islatzen zutenak. Azken finean, fadoaren oinarri nostalgiaz beterikotik, erritmo aldaketa sakonak erabiltzera pasatu zen Moura zapatuko kontzertuan. Fado abeslariaren ahotsa izan zen kontzertuko transmisio biderik indartsuena, baina, bi gitarrek eta Portugaleko gitarrak ere protagonismo handia izan zuten.

Fado etxeak presente
Mourak, bere hasierak ere izan zituen gogoan, publikoari jakinarazi zionean, Fado etxeak deiturikoetan ekin ziola ibilbide musikalari. Hala, gitarra soinuekin eta ahotsa (mikrofono barik) erabiliz eskaini zuen abesti bat, fado etxeetako abesteko modua omenduz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak