Ampo-Poyan kooperatiba, Mondragon Taldetik kanpo

Edu Mendibil 2008ko mai. 25a, 16:28
Idiazabalgo Ampo-Poyan kooperatibak Mondragon Taldea uztea erabaki zuen egubakoitzean. Kontseilu Errektoreak egindako proposamenari langileek babes sendoa eman zioten: 295 lagun irtetearen alde azaldu ziren, 53 kontrako botoa eman zuten eta 27k zuri bozkatu zuten. Langileen %90ak hartu zuen parte Azkoitiko Baztartxo aretoan egindako batzar nagusian

Mondragon Taldea utzi arren, kooperatiba izaten jarraituko duela berretsi zuten Ampo-Poyaneko langileek egubakoitzean, Azkoitian. Kooperatibako kideen arabera, Amporen eta Mondragon Taldearen gestio ereduek talka egiten dutelako hartu dute erabakia. "Pertsonetan oinarritutako kudeaketa eredua" nahi dutela azaldu zuen Ignacio Estensoro koordinatzaile nagusiak. Haren hitzetan, "aipatutako gestio modelo hori baliagarria dela erakutsi dugu, enpresa barruko jardunean zein merkatu konpetentzian, langileei eta bezeroei egoki erantzunez". Koldo Saratxaga Irizarreko arduradun ohiak bere garaian bultzatutako modeloari eustea da Ampo-Poyanen helburua. Estensorok zera gaineratu zuen: "Mondragon Taldearen diziplinarik gabe, gure bide propioa eginez, efizienteagoak izan gaitezkeela uste dugu. Sozialki ematen ditugun laguntzen arloan, esaterako, lehen bezain besteko laguntza ematen jarraituko dugu, bai Euskal Herrian, bai nazioartean, Goierri eta Urola bailarengatik are eta gertuago egonez etorkizunean".

Irizarrek bide bera har dezake

Mondragon Taldetik adostutako akordiorik gabe ateratzen den lehen kooperatiba bilakatzen da Ampo-Poyan. Ziurrenik, Irizarrek bide bera jarraituko du; Irizarrek langileek eguenean egingo dute batzarra erabakia hartzeko.

Mondragon Taldeak batzarren subiranotasuna errespetatzen duela adierazi du. Urteko prentsa agerraldia egingo du Mondragoek martitzenean, hilaren 27an. 2007ko ekitaldiko urteko txostena eta emaitzak aurkeztuko dituzte. Bestetan baino ikusmin handiagoa piztu du agerraldiak, azken gertakariak direla eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak