Amalurrak aurten utzitako irudi onenak, Kulturaten ikusgai bihartik aurrera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko aza. 5a, 13:10
Bihar zabalduko dute 'Naturaren argazkilariak 2009' erakusketa Kulturaten. Bertan naturan hartutako erretratu ikusgarrienak ikusi ahalko dira, guztira 83 irudi. Erakusketa urtero egiten den lehiaketaren emaitza da, eta lehiaketak naturaren edertasuna jasotzea du helburu. Erakusketa abenduaren 6ra arte egongo da zabalik.

Albiste pozgarria argazkilaritza maite dutenendako: bihar, egubakoitza, helduko da Arrasatera Naturaren argazkilariak 2009 erakusketa. Hala, Kulturateko klaustroan naturak utzitako irudi ikusgarriz osatutako argazki bilduma izango da ikusgai. Guztira 83 argazki ipiniko dituzte paneletan. Eraksuketa  hilabetez egongo da zabalik; abenduaren 6ra arte, hain justu. Hori bai, astelehenetan itxita egongo da. Honakoa da ordutegia: martitzenetik domekara, 17:30etik 20:30era.

Goi mailako argazkilaritza
Naturako argazkilaritza lehiaketa entzutetsuena da Naturaren argazkilariak. 1964an sortua, makina bat argazki jasotzen dira urtero. Iaz, esaterako, 32.350 erretratu jaso zituzten, 82 herrialde ezberdinetatik. Datu hori nahikoa da erakusketarako aukeratzen diren argazkien kalitateaz konturatzeko. Zalantzaren bat duenak, bisita dezala erakusketa.

Naturaren edertasuna islatzea
Lehiaketaren helburua da naturaren edertasuna jaso eta erakustea. Horretarako mundu osoko argazkilari profesionalei zein zaletuei deia luzatzen zaie. Emaitza, esan moduan, Kulturaten ikusgai abenduaren 6ra arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak