Amaitu dituzte Etxe Txiki kaleko lanak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko ots. 17a, 19:33
Gipuzkoa Etorbidea eta Nafarroa Etorbidea lotzen dituen kalea joan den astean ireki zuten. Hala, ordutik hasi dira herritarrak aipatu kalea autoz zeharkatzen. Oso kale garrantzitsua da Etxe Txiki kalea, Arrasateko kale nagusi elkartzen dituelako eta zirkulazioaren sakabanatzea ahalbidetuko duelako.

2008ko ekain inguruan hasi ziren Etxe Txiki kaleko obrak joan den astean amaitu ziren. Zortzi hilabete luze pasa dira, eta erabat itxita egon ez bada ere, Zabalgunea eremuko saneamendu eta elektrizitate horniduren muntaketa lanek autoen ohiko joan-etorria asko oztopatu dute. Xaxarki enpresak gauzatu ditu lanak.


Oso kale garrantzitsua
Etxe Txiki kalea, motza eta estua izan arren, oso garrantzitsua da trafikorako. Izan ere, Arrasateko kale nagusi bi batzen ditu, Gipuzkoa Etorbidea eta Nafarroa Etorbidea, hain zuzen. Gainera, ospitalera joateko ez da buelta osoa eman beharko, adibidez. Hortaz, gidarientzat albiste pozgarria da kale estrategiko hori zabaldu izana.

Bi noranzkoetan
Norabide aldaketa asko jasan ditu Etxe Txiki kaleak. Egun, behin lanak amaituta eta egunotan ikus daitekeen autoen joera aintzat hartuta, bi noranzkoetan erabil daiteke aipatu kalea. Hau da, Gipuzkoa Etorbidetik herriaren kanpoaldera goazela, eskumatara har daiteke eta hortik Nafarroa Etorbidera (ospitale aurreko biribilgunera) irten. Bestalde, Nafarroa Etorbidetik sartuz gero Etxe Txiki kalea amaitu aurretik ezkerretara egin beharra dago, gero Maalako biribilgunean sartuz Gipuzkoa Etorbidera sartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak