Alvaro Arrizabalaga: “Aztarnak ateratzen jarraitzea izugarria da”

Goiatz Arana Begiristain 2010ko uzt. 19a, 00:23
Zapatuan eman zituzten bukatutzat Lezetxikiko aurtengo indusketa lanak; apartekorik ez, baina material asko atera dute oraingoan ere. Horregatik, beste pare bat urtetan lanean jarraitu beharko dutelakoan dago Arrizabalaga. Etorkizunera begira, interesgarria litzateke gizartea Lezetxikik duen garrantziaz ohartaraztea, bere ustetan; zeregin horretarako, museo bat baino posibleago ikusten du interpretazio zentro bat, epe ertainera.

Alvaro Arrizabalagak gogoan du oraindik hasierako proiektua, bost urterako zen hura. Aurtengoa 15. ekinaldia izan da, materiala ateratzen jarraitzen dute eta oraindik ez dute hondoa jo. “Azken egunetan dezente aztarna aurkitu ditugu, gainera. Horrek erakusten du hemengo lana ez dugula bukatu;  jarraitu beharko dugu beste pare bat urtetan, seguruenik”, azaldu digu Aranzadiko arkeologoak. Baldintza ekonomikoak tarteko, jarraitzeko aukera izan da, hain justu, iaztik hona izan duten kezka nagusia, baina Arrizabalagak argi dauka: “Baldintza ekonomikoek ezin dute gure lana baldintzatu, bilatuko ditugu beste baliabide batzuk, baina jarraituko dugu helburua bete arte”.  

17 ikasleren laguntza

Hiru astetan, Madril, Bartzelona, Salamanca eta Euskal Herriko 17 ikasleren laguntza izan du Alvaro Arrizabalagak Lezetxikin. Pozik dago lantaldearekin, urtetik urtera hobera egiten duela esanez. Eta pozik ikasleak ere. 18 eta 30 urte bitartekoak dira guztiak, mutil eta neska, erdi eta erdi, gutxi gorabehera. Historia ikasten dute gehienek, baina badira Geologia edota Arkitekturako ikasleak ere. Guztiek, hori bai, oso barneratuta dute diziplina: “Ezinbestekoa da hala izatea lan honetan”, gehitu du zuzendariak. 

Udalako Ingurugiro Eskolan izan dute lo-lekua. Goizez eta arratsaldez jardun dute lanean egunero; zapatuetan, eguerdira arte; eta domeketan, jai. Lehen aldia izan da euretako batzuentzat; urteak daramatzate beste batzuek; eta datorren urtean bertan egotea gustatuko litzaieke denei. Hantxe izango da Arrizabalaga, hala espero du behintzat. Momentuz, Zestoarako hasi da prestatzen, hamar bat egun barru, Irikaitzen hasiko dituzten indusketa lanetarako.

Etorkizunerako asmoak

Aurtengo ekinaldia posible egiteko erakundeetan aurkeztu beharreko txosteneko eskakizunak betez, Lezetxiki babesteko eta duen garrantzia gizarteratzeko proposamenak aurkeztu ditu Alvaro Arrizabalagaren taldeak. Babesteari dagokionez, jada egindako lanak –lurra publiko bihurtu, hesiak ipini, auzolandegiak antolatu...– eta horiek aurrera eramateko Arrasateko Udalak emandako laguntza nabarmendu ditu. Gizarteratzeari dagokionez, museo bat egiteko aukerak egon badauden arren, epe ertainera, hori baino posibleago ikusten du interpretazio zentro bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak