Alternatibak salatu du "elkarrizketan oinarritutako irtenbideari oztopoak" ipini dizkiotela "berriro"

Ubane Madera 2009ko urr. 15a, 11:14
Ezker abertzaleko hainbat kideren atxiloketen harira, Arrasateko Alternatibak, alderdiaren koordinadora nazionalaren adierazpenarekin bat egin du. Haren bitartez, salatu gura dute “gure herrian existitzen den gatazkarendako elkarrizketan oinarritutako irtenbide iraunkorra lortzeari oztopoak ipini dizkiotela berriro”.

Gaineratu dute ETAren indarkeriarekin amaitzeko bidea “eskubide eta askatasunak urratzea eta irtenbide politikoaren alde apustu egiten dutenak isilaraztea” dela pentsatzen dutenek “akats larria” egiten dutela, eta horrek “gure herriari samina besterik ekarriko ez” diola.

"Guztiak ez du balio"

Berretsi dute, “ETAren kontra guztiak” ez duela balio. Eta salatu dute  “euren buruak demokrata moduan autoinbestitutako haien hipokresia”, eskubideak “mugatuz eta medioak bidegabe erabiliz demokrazia degradatu” egiten dutelako.

Azpimarratu dute, baita ere, “elkarrizketaren, demokraziaren eta Herri honen borondatearen errespetuaren alde apustu egiten segitzen” dutela, “Euskal  Herrian bake iraunkorra lortzea berma dezaketen oinarri bakar” moduan.

Bukatzeko atxilotuak askatzeko eskatu dute eta Alderdien Legea bertan behera uzteko, “ETAren jardunarekin batera, Euskal Herriko bizikidetasunaren eta demokraziaren kontrako zuzeneko erasoa” delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak