Alderdika begiratuta, aurrekontuen alde bozkatu zuten Udal Gobernuko zazpi kideek eta Eusko Alkartasuneko eta Aralarko bi zinegotziek. Kontra egin zuten, berriz, lau sozialistek, Euzko Alderdi Jeltzaleko lau ordezkariek eta alderdi popularrekoak. Eta Alternatiba-Zutik koalizioko hiru ordezkariak abstenitu egin ziren.
Jaitsiera nabarmena
Aurrekontuari dagokionez, azpimarratzekoa da aurten izango duen jaitsiera, ia %15ekoa iazkoarekin alderatuta. Horixe izan zen, justu, atzo alderdi politikoetako batzuk nabarmendu zutena. Adibidez, Itziar Lamarain ordezkari popularrak aurrekontuen kontra bozkatu arren, adierazi zuen agerikoa dela ahalegin handia egin dela aurrekontuak krisiaren testuingurura egokitzeko, eta presoen senideendako dirulaguntzaren partida ez balitz aurrekontuetan egongo, “akaso abstenitu” egingo litzatekeela.
Kontuak kontu, eta jaitsierak jaitsiera, 2010ean egin gura dituzten proiektu nagusiak finkatuta geratu dira aurrekontu-txostenean. Atzo aurreratu moduan, diru-partida handiak erabiliko dituzte Helduen Heziketa Iraunkorra batetik, eta Udal Ongizate Saila, bestetik, egoitza handiagoetara lekualdatzen. Eta baita ere Abaroa berriaren eraikina bukatzen.
Inbertsio nagusiak: Altamira eta Erguin
Horrez gainera, Altamirako etxeetarako arrapala egiteko asmoa dute, 400.000 euro pasako inbertsioa eginez, Erguin auzoko oinezkoen bidean hainbat lan egiteko 270.000 euro pasa erabiliko dituzte eta Uarkapen eguzki-plakak ipintzeko 250.000 euro.
Santa Teresa eta Amaia antzokia
Bestalde, Santa Teresako pareta eusteko, 230.000 euro bideratuko dituzte eta beste inbertsio bat aipatzearren, Amaia Udal Antzokiaren sarreran dauden oztopoak ezabatu eta gunea irisgarriago egin gura dute 200.000 euroko inbertsioaren bitartez.
Urbanoa bikoiztu
Horrez gainera, bestelakoen artean, autobus urbanoaren zerbitzua bikoiztu egingo dute aurten. Bestela esanda, orain orduro pasatzen den autobusa, aurten ordu erdiro pasatzen hasiko da.